Hitzaren Eskolaren bigarren edizioko izen ematea zabaldu dute

Uztarria.eus | Kultura
2020ko mai. 10a, 15:05

Hitza ardatz duten hainbat sormen adierazpide landuko dituzte saioetan. Andoni Egaña, Maddi Barber, Iñigo Aranbarri, Haizea Barcenilla, Xabier Erkizia eta Arantxa Iturbe izango dira aurtengo irakasleak. Ekainaren 8ra arte eman daiteke izena.

Iazko Hitzaren Eskolako irudi bat.  Ikusi haundiago | Argazki originala

Azpeitiko Dinamoa sormen guneak jakinarazi duenez, dagoeneko eman daiteke izena Hitzaren Eskolaren bigarren edizioan. Saioei irailaren 9an ekitea da antolatzaileen asmoa, baina ohartarazi dute posible dela hori ez horrela izatea, dena hain "aldakor eta dudako" den garaiotan. Beraz, dena ondo bidean, ikasturte berriarekin hasiko dituzte eskolak, eta martxoaren 27an amaitu. Ekainaren 8ra bitartean eman ahalko da izena.

Hitza ardatz duten hainbat sormen adierazpide landuko dituzte saioetan, eta adierazpide guztiak elkartzen dituen puntuan, hitzean, jarriko dute arreta. Finean, hitzaren ikerketa integral bat eskaintzea da asmoa, ikerketatik nahiz sormenetik, esperimentazioari lekua eginez. Hitzaren ahalaren jakitun egitea nahi dute ikasleak, erreferentziak emanez, lanean jarriz eta praktikaren bidez. Era berean, mundua euskaraz kontatzen jarraitzeko tresnak ematea ere bada helburua.

Sei adierazpide, sei irakasle

Saioetan, sei irakasle-tutore izango dira, bakoitza adierazpide batekoa, eta haietako bakoitza hilabetez izango da ikasleekin. Honako hauek izango dira edizio honetako irakasleak: Andoni Egaña, Maddi Barber, Iñigo Aranbarri, Haizea Barcenilla, Xabier Erkizia eta Arantxa Iturbe.

Dinamoan izango dira saioak: asteazkenetan, 18:00etatik 20:00etara, eta larunbatetan, 10:00etatik 13:00etara. Guztira, 120 orduko ikastaroa izango da, eta presentzialak izango dira saioak. Matrikula orokorra 375 eurokoa da, eta ikasleek, langabeek eta erretiratuek 250 euro ordaindu beharko dute. 

18 urtetik gorako euskaldunek eman dezakete izena Hitzaren Eskolan. 12-15 laguneko taldea osatuko dute, eta interesatuek hemen eman behar dute izena. Informazio gehiago nahi duenak lotura honetan aurkituko du.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu