Koronabirusa Azpeitian

Egoiliarrek senitarteko baten bisita jaso ahal izango dute ekainaren 8tik aurrera

Uztarria.eus 2020ko mai. 20a, 15:24

San Martin egoitzaren atzealdea. (San Martin egoitza)

Aldundiak jakinarazi duenez, deseskalatzearen hirugarren fasean hasiko dira senitartekoak egoiliarrak bisitatzen, programatutako ordutegietan eta segurtasun neurri handiak hartuta. Egoitzetan kokatuta ez dauden eguneko zentroak ere egun horretan zabaltzen hastea aurreikusten du erakundeak.

Ekainaren 8tik aurrera, Gipuzkoako adinekoen egoitzetako egoiliarrek senitartekoen bisitak jaso ahal izango dituztela aurreikusten du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Erakunde horrek egindako plangintzaren arabera, deseskalatzearen hirugarren fasean bisita programatua gauzatu ahal izango dute egoiliarrek eta horien familietako kide banak. Banakako bisita horiek segurtasun neurri handiak hartuta egingo dituzte. Ekainaren 22tik aurrera, berriz, bi senitartekoren bisitak jaso ahal izango dituzte egoiliarrek. Gainera, bi fase horietan egoiliarrek eta senitartekoek egiten dituzten bideo-deiekin segituko dutela azaldu du Maite Peña Gizarte Politiketako diputatuak.

Deseskalatzarean hirugarren fasean egoliar berrientzat plazak irekiko dituztela ere azaldu du Aldundiak; hain zuzen ere, PCR proban negatibo eman duten adinekoek eta aurrez isolamendua gauzatu dutenek izango dute horretarako aukera. Bestalde, konfinamendua igarotzera etxera itzuli ziren egoiliarrek ere itzultzeko aukera izango dute ekainaren 8tik aurrera. Dena den, fase horretan ez dira baimenduta egongo erabiltzaileen irteerak eta egoiliarrek boluntarioekin egin ohi dituzten jarduerak.

Joan zen martxoaren 13az geroztik bisitarik ez dute izan Gipuzkoako egoitzetan bizi diren adinekoek; izan ere, koronabirusaren eraginez, adinekoena kolektibo zaurgarrienetakoa izanik, hainbat neurri hartu behar izan zituzten egoitzetan. Azpeitiko San Martin egoitzan ere bertan behera utzi zituzten bisitak. Gaur-gaurkoz, gainera, egoitza horretako adinekorik eta langilerik ez da kutsatu COVID-19 gaitzarekin. Joan zen apirilaren hondarrean egin zizkieten probak egoiliarrei eta beharginei, eta denek negatibo eman zuten.

Eguneko zentroak ere bai

Eguneko zentroak ere itxita daude martxoaren erdi aldetik; Azpeitikoa ere bai tartean. Aldundiak adierazi duenez, baina, zentroak hasi dira dagoeneko kontingentzia planak prestatzen eta etxez etxeko zerbitzuak eskaintzen. Bigarren fasean, berriz, zentroak egokitzen hasiko dira, eta erakundearen arabera, hirugarren fasean, hau da, ekainaren 8tik aurrera, hasiko dira horiek "pixkanaka" zabaltzen. Irekitzerakoan egoitzetan kokatuta ez dauden zentroei emango diete lehentasuna.

Peña diputatuak azaldu duenez, Aldundiak gauzatu duen planaren helburu nagusia prebentzioa da, eta azaldu du egoera juridikoaren nahiz epidemiologikoaren arabera aldatu egin daitekeela.