Koronabirusa Azpeitian

Koronabirusaren proba egin duten San Martin egoitzako langile eta egoiliar guztiek negatibo eman dute

Uztarria.eus 2020ko api. 30a, 14:58

Joan zen astean egin zizkieten COVID-19aren probak San Martin egoitzan bizi diren 82 egoilarrei eta bertan lan egiten duten 92 behargini, eta guztiek negatibo eman dute probetan. Udalak azaldu duenez, San Martin egoitzako langile bat falta da koronabirusaren proba egiteko, "Osakidetzaren akats bat tarteko". 

Joan zen astean egin zituzten koronabirusaren probak Azpeitiko San Martin egoitzako 82 egoiliarrek eta 92 langilek, eta horiek guztiek negatibo eman dute probetan. Gaur jakinarazi ditu datuak Azpeitiko Udalak, eta erakundeak azaldu duenez, "Osakidetzaren akats bat tarteko" San Martin egoitza langile bat falta da koronabirusaren testa egiteko.  Egoilarrei egoitzan bertan egin zizkieten probak. Langileei, berriz, Zumarragako ospitalean.

COVID-19 gaitza atzemateko egindako testean bi proba egin zizkieten San Martingo egoiliarrei eta langileei. PCR probetan –gaur egun gaixo dauden jakiteko probetan– guztiek negatibo eman zuten. Datu hori "oso positiboa eta garrantzitsua" izan da San Martin egoitzako kideentzat. PCR probaz gain, test serologikoa –norbanakoak gaixotasuna pasatu al duen jakiteko egiten den proba– ere egin zieten San Martingo egoiliarrei eta langileei. Test horretan egoitzako erabiltzaile batek positibo eman zuen, eta beste guztiek negatibo. "Azterketen arabera, positibo eman duen egoiliarrak alarma egoera ezarri aurretik pasatu zuen gaixotasuna, inongo sintomarik gabe", jakinarazi du udalak.

Nagore Alkorta Azpeitiko alkate eta San Martin Fundazioko lehendakariaren arabera, egoitzako datuak "oso garrantzitsuak" dira, adineko pertsonek dutelako COVID-19az kutxatzeko "arrisku gehien". Horren harira, Alkortak esan du adineko pertsonak babesteak "erabateko lehentasuna" duela.  Alkortak eskerrak eman dizkie San Martin egoitzan lanean ari diren guztiei, eta azpimarratu du egoitzetako beharginen lanaren balioa "agerian" gelditu dela. "Momentu hauetan garrantzitsua da behar gehien duten horien ondoan egotea eta babestea, eta horixe da San Martinen egiten ari direna", gaineratu du Alkortak. 

Manolo Aizbitarte San Martin egoitzako zuzendaria ere pozik agertu da koronabirusaren proben emaitzekin. Emaitza horiek horrenbeste desio zuten "erradiografia" direla adierazi du: "Prebentzio neurri guztiak hartu ditugu, eta horiek zorrotz betetzen ari gara denon osasuna zaintzeko helburuz, baina etxe barruko errealitatea zein den jakitea beharrezkoa zitzaigun". Emaitzak jakiteak "lasaitasuna" eman diela azaldu du Aizbitartek. "Pozteko emaitzak ditugula jakinda, ardura handiagoarekin lanean jarraitzea da gure helburua. Bide horretan, langileak egunero erakusten duten inplikazioa eta konpromisoa eskertu nahi ditut”, adierazi du egoitzako zuzendariak. San Martin egoitzan bizi diren egoiliar guztien familiei jakinarazi dizkiete emaitzak, eta Aizbitarte oso eskertuta agertu da bueltan jasotako esker mezu eta animo guztiekin.