Koronabirusa Azpeitian

Babes materiala banatu du udalak farmazietan, dendetan, zaharren egoitzan eta anbulatorioan

Uztarria.eus 2020ko api. 18a, 17:46

Herriko hainbat dendarik eta enpresak emandako babes materiala banatu du udalak anbulatorioan, zaharren egoitzan, farmazietan eta dendetan. Nagore Alkorta alkateak babes materiala eskaini duten entitateen "eskuzabaltasuna" eskertu du.

Koronabirusaren izurritea hasi zenetik, anbulatorioan, zaharren egoitzan, farmazietan eta hainbat saltokitan babes materialaren eskasia izan dela azaldu du udalak ohar baten bidez. Erakundeak adierazi duenez, azken egunetan hasi da "pixkanaka" material hori herrira heltzen, baina orain artean materiala herriko zenbait dendari eta enpresari esker banatu ahal izan duela azpimarratu du.

Hain zuzen ere, Nagore Alkorta alkateak azpimarratu du merkatuan materiala erosteko zailtasunak medio, herriko saltokietara eta enpresetara jo zutela laguntza eske: "Erantzuna benetan eskertzekoa izan da. Dendariei eta enpresei esker, osasun-etxeari, San Martin egoitzari, botikei eta irekita dauden denda txikiei babes neurriak banatu zaizkie. Elkartasun horri esker profesionalen babesa bermatu ahal izan da". Glual Group, Biele Group, Sarralle Group, Bizi fisioterapia eta Urbitarte kaleko bazar txinatarra izan dira maskarak eman dituzten enpresa eta saltokietako batzuk; Cortebi enpresak eta Izarraitz Lanbide Heziketa zentroak, aldiz, aurpegirako pantaila babesgarriak egin dituzte eta Sein Etxeberria Group taldeak maskara horiek lotzeko sokak. Bestalde, Alkortak gogoan izan ditu osasungintzako eta zaintzako langileen laguntza ere, eta eskerrak eman dizkie horiei "herritar zaurgarrienekin" zein "osasun arazoak dituztenekin" egindako lanagatik.

Manolo Aizbitarte San Martin egoitzako zuzendariak, lankidetza txalotu du: "Orain hasi gara Osakidetzatik materiala jasotzen, baina ia oraintsu arte udalaren bidez enpresek-eta emandako materiala bakarrik izan dugu babesteko". Ildo horretatik, Aizbitartek nabarmendu du pandemia hasi berritan "oso kezkatuta" egon zirela: "Informazio falta eta ezjakintasuna handia zen, ez genekien hartzen genituen neurriak onerako ziren edo ez, eta material faltak ere urduritasuna sortzen zigun". Bestalde, Aizbitartek esan du udalarekin eta alkatearekin egunero hitz egiten duela, eta "oso eskertuta" dagoela udalak nahiz enpresek eta dendek emandako laguntzarekin.

Ana Errazti Azpeitiko anbulatorioko buruak ere udalaren nahiz saltokien eta enpresen laguntza "oso garrantzitsua" izan dela azaldu du, eta azpimarratu du orain arte "aste zailak" izan direla osasun langileentzako: "Material gutxi izan dugu eta irizpideen aldaketak ere gure egunekoan eragin izan du, baina herriko enpresak eta dendak gutaz arduratu izanak eta material hori jasotzeak gure animoan ere eragin positibo nabarmena izan du". Egun, lasaiago daudela gaineratu du Erraztik: "Azpeitian positibo gutxi daude, San Martinen ere ondo daude, eta materiala, juxtukoa bada ere, iristen hasi zaigu". 

Herritarrak ere, maskarak banatzen

Enpresez eta saltokiez gain, Krisiaren Seme-alabak Sare Sozialistako kideak ere maskarak nahiz bestelako hainbat produktu banatzen ari dira zaintzako langileei. Hain zuzen ere, joan zen astean jakinarazi zuen talde horrek oinarrizko produktuen eta elikagaien bankua jarriko zuela martxan, eta ekimen horren barruan ari dira maskarak banatzen.