#EtxetikMundura

Paola Motoren telesail gomendioak gaur, #EtxetikMundura egitasmoan

Uztarria.eus 2020ko mar. 30a, 14:56

Konfinamendu egunotan denbora duenak ikusteko hainbat proposamen ekarriko ditu azpeitiarrak #EtxetikMundura-ren hamabigarren saioan. Egunero bezala, 20:00etatik aurrera ikusi eta entzun ahalko da Uztarria.eus-en.

Paola Moto (Azpeitia, 1994) Txintxua Films ekoiztetxeko kidea izango da gaur #EtxetikMundura egitasmoaren protagonista. Sortzaileak eta herritarrak beren etxetik guztiontzat eta mundura egiten ari diren ekarpenekin egitasmoa osatzen ari da Urolako Komunikazio Taldea (UKT) koronabirusak eragindako konfinamendu egunotan. Hamabigarren saioa izango da gaurkoa eta etxean ikusteko telesailen gomendioak partekatuko ditu Motok ikus-entzuleekin.

Datozen egunetan ere izango dira emanaldiak; besteak beste, Olatz Alkorta margolariak, Lurdes Alkorta eta Enaitz Alberdi trikitilariek, eta Ignacio Arakistain musikariak eskainiko dituzte saioak. Gainera, Urolako Komunikazio Taldea osatzen duten gainerako hedabideek ere prestatu dituzte tokian tokiko emanaldiak. Karkararen, Baleikeren, Maxixatzenen eta Zarauzko Hitzaren webguneetan ere izango dira saioak, eta den-denak ikusgai izango dira Urola Kostako Hitzaren etaErlo Telebistaren webguneetan.

Koronabirusaren eraginez hartu du UKTk #EtxetikMundura egitasmoa martxan jartzeko erabakia; izan ere, duela bi astez geroztik bertan behera utzita daude kultur emanaldi eta saioak. Sortzaileen jarduna etxeetara irits daitekeelakoan, baina, bideo bidezko formatuak erabiltzea erabaki du, sorkuntza herritarren etxeetara eramateko asmoz.

Tokian tokiko saioen iragarpenen zerrendetan agertzen ez diren sortzaileek ere izango dute egitasmoan parte hartzeko aukera. Horiek bideoak zuzendaritza@ukt.eus e-posta helbidera bidali besterik ez dute; edozein kultur adierazpenekin lotutako emanaldiak onartzen dira. Beraz, animatu eta bidali zuen bideoak!