#EtxetikMundura

Deñe Garcia-Bravo abeslariaren emanaldia gaur

Deñe Garcia-Bravo izango da gaurko protagonista.

Deñe Garcia-Bravo abeslariak eskainiko du #EtxetikMundura egitasmoaren bosgarren saioa. 20:00etan hasiko da kontzertua. Datozen egunetan ere hainbat sortzailek eskainiko ditu emanaldiak.

Aurrera doa #EtxetikMundura egitasmoa. Atzo, Ekain Ibarguren pailazoak eskainitako saioaren ostean, Deñe Garcia-Bravo abeslariaren txanda izango da gaurkoan. 20:00etan hasita eskainiko du saioa azpeitiar musikariak, herritarrei konfinamendua arintzeko asmoz.

Datozen egunetan ere izango dira emanaldiak; besteak beste, Amaia San Vicente ipun kontalariak, herriko hainbat bertsolarik, Ane Jurado abeslariak nahiz Ainhoa Martin abeslariak eskainiko dituzte emanaldiak, eta Xanti Rodriguezek filmen gomendioak egingo ditu. Emanaldi guztiak 20:00etan hasiko dira.

Urolako Komunikazio Taldea (UKT) osatzen duten gainerako hedabideek ere prestatu dituzte tokian tokiko emanaldiak. Karkararen, Baleikeren, Maxixatzenen eta Zarauzko Hitzaren webguneetan ere izango dira saioak, eta den-denak ikusgai izango dira Urola Kostako Hitzaren eta Erlo Telebistaren webguneetan.

Koronabirusaren eraginez hartu du UKTk #EtxetikMundura egitasmoa martxan jartzeko erabakia; izan ere, joan zen asteaz geroztik bertan behera utzita daude kultur emanaldi eta saioak. Sortzaileen jarduna etxeetara irits daitekeelakoan, baina, bideo bidezko formatuak erabiltzea erabaki du, sorkuntza herritarren etxeetara eramateko asmoz.

Tokian tokiko saioen iragarpenen zerrendetan agertzen ez diren sortzaileek ere izango dute egitasmoan parte hartzeko aukera. Horiek bideoak zuzendaritza@ukt.eus e-posta helbidera bidali besterik ez dute; edozein kultur adierazpenekin lotutako emanaldiak onartzen dira. Beraz, animatu eta bidali zuen bideoak!

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide