Koronabirusa Azpeitian

Etorkinei deika ari dira boluntario sareko kideak COVID-19aren berri dutela bermatzeko

Uztarria.eus 2020ko mar. 22a, 11:32

Azpeitiko boluntario sarea etorkinei deika ari da COVID-19a dela-eta neurriak ezagutzen dituztela bermatzeko. Bestalde, Nagore Alkorta alkateak eskerrak eman dizkie boluntario sarean lanean dabiltzan 130 herritarrei.

Aste hasieran hasi zen Azpeitiko boluntario sarea 70 urtetik gorako herritarrei deitzen, haien egoera ezagutu eta COVID-19aren inguruko informazioa helarazteko. Horrez gain, udalak adierazi duenez, boluntario sareko kideak etorkinei deika ere ari dira. Dei horien helburua, immigranteei koronabirusaren gaineko informazioa ematea eta konfinamenduko neurriak helaraztea dela dio udalak: "Informazio sare, ohitura eta hizkuntza desberdinak izan ditzakete pertsona horiek; askok egoera sozial konplikatua bizi dute, sorterritik eta familiarengandik urrun daude, eta haiek babesteko, informazioa berme guztiekin helarazi behar zaie". Hori dela eta, boluntario sareko kideak immigrantei deika hasi dira, eta udalak azaldu du horiengana hurbiltzen saiatzen ari direla, hainbat hizkuntza erabilita.

Bestalde, Nagore Alkorta alkateak eskerrak eman dizkie boluntario sarean dabiltzan 130 herritarrei: "Boluntarioen laguntzarik gabe ezingo genuke horrenbeste herritarrekin zuzeneko harremana mantendu, eta benetan ari dira beharrezko lana egiten". Horrez gain, alkateak nabarmendu du boluntarioak koronabirusaren krisiaren aurrean "ilusoa eta gogoa" erakusten ari direla lan egiterakoan, eta argi gelditu dela "eraginkorragoa" izaten ari dela gaitz horren aurka indarrak batuta lan egitea. Hainbat herritarrek egindako proposamenak ere azpimarratu ditu alkateak: "Denon artean pentsatutako eta egindako ekintzek balio handiagoa dute. Etorkinei begira lan egiteko proposamena boluntario taldetik etorri da, eta asko eskertzen dugu horretan ere laguntzea". 

Bestalde, udalak gogorarazi du erabilgarri daudela 943-15 71 92 eta 943-54 79 83 telefonoak eta gizarte@azpeitia.eus helbidea koronabirusari aurre egiteko laguntza behar duten herritarrentzat.