Koronabirusa Azpeitian

Elkartasuna birusaren gainetik

Uztarria.eus 2020ko mar. 21a, 10:00
Azpeitiko boluntario sareko kideak gutunak prestatzen.

Euskal Herriko beste hainbat herritan bezala, Azpeitian ere dozenaka boluntario dabiltza 70 urtetik gora herritarrei laguntza eskaintzen. Hilaren 14an hasi ziren lanean, eta konfinamenduak jarraitu bitartean lanean segitzeko asmoa dute.

COVID-19 gaitzak izua eta konfinamendua ez ezik, elkartasuna ere ekarri du Azpeitira, eta horren adibide dira Azpeitiko Udalak deituta herriko adinekoei laguntzen dabiltzan herritarrak. Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak konfinamenduaren inguruko neurriak plazaratu bezain laster, hilaren 14an, ekin zioten boluntariotzari 50 lagun inguruk. Hain zuzen ere, gutunak banatzen ibili ziren herrian, eta horien bidez, 65 urtetik gorako herritarrei koronabirusa saihesteko hartu beharreko neurriak zeintzuk diren azaldu zieten.

Garazi Santesteban (Azpeitia, 1992) eta Xanti G.E. (Donostia, 1961) dira Azpeitiko boluntariotza sarean dabiltzan herritarretako bi. Azken egunotan, 70 urtetik gorako 2.528 herritarrei telefonoz deika hasi dira, eta zer egoera bizi duten eta zer behar dituzten galdetzen diete horiei. "Deitu diedan herritarretatik gehienek esan didate ondo ari direla eramaten koronabirusaren kontu hau, eta ez dutela laguntzarik behar", azaldu du Santestebanek. Xantik ere iritzi bera du, eta jendea momentuz "lasai" dagoela nabarmendu du: "Adineko asko laguntza jasotzen ari dira familiakoengandik eta bizilagunengandik, eta lasai daude. Dena den, antzematen da errespetua dietela koronabirusari", gehitu du.

Bestalde, bi boluntarioek diote herritarrek jakin badakitela zer den COVID-19 gaixotasuna, baina zenbait gauza ez dituztela ulertzen: "Adinekoak ari dira higienea zaintzen eta distantzia mantentzen, baina automatizatutako joerak ere badituzte, paseo bat ematera ateratzea, adibidez", azaldu du Santestebanek. Xantik ere hala dio, adineko herritarrek badakitela koronabirusa zer den: "Herritar askok uste dute kontu hau ez dela horrenbesterainokoa izango, batzuek gerra pasatu dute, eta esan didate hura baino okerragoa ez dela izango".

Biek ala biek nabarmendu dute erabiltzaileengandik jasotako erantzuna oso ona izan dela. Santestebanek adierazi du adineko batzuk "harrituta" gelditu direla bere deiarekin, eta asko eskertu dietela laguntza. Xantik ere gauza bera dio: orokorrean oso ondo hartu dutela bere deia herritarrek.

Telefonoak, zabalik

Momentuz, jendearen beharrak zeintzuk diren aztertzen ari dira boluntariotza sarean, eta datozen asteetan, adinekoek hala beharko balute, erosketak egiten lagunduko diete boluntarioek. Santestebanek "ahal duen moduan" laguntzen jarraitzeko asmoa du: "Herritarrei jakinarazi nahi diegu prest gaudela erosketak egiten laguntzeko, botikara joateko eta behar dutenean laguntzeko". Xantik ere, lanak uzten dion heinean, laguntzen jarraitzeko asmoa du. Bi boluntarioek adierazi dute behar duenak laguntza eska dezakeela oraindik ere 943-15 71 92 eta 943-54 79 83 telefonoetara deituta edo gizartea@azpeitia.eus helbidera idatzita, eta horietan topatuko dutela COVID-19ari aurre egiteko behar duten laguntza eta informazioa.