Sansebastianak 2020

Ikastetxeetako haurrek gogotik astindu dituzte danborrak

Herriko ikastetxeetako haurrak dagoeneko murgildu dira San Sebastian jaietan. Hain justu, gaur arratsaldean danbor hotsek hartu dituzte herriko hiru ikastetxeak. Giro ederra nagusitu da arratsaldean egin dituzten danborradetan.

Iraurgi Ikastetxeko Haur Hezkuntzako 1. mailako ikasleek goizean egin dute danborrada, eta horiek HH2ko ikasleak eta hezitzaileak izan dituzte ikusle. Arratsaldean, 15:30ean hasita, DBH1eko eta 2ko ikasleek San Martin egoitzan eskaini dituzte danborradako piezak. Ondoren, ikastetxera itzuli dira, HH2tik LH6ra bitarteko ikasleekin elkartu eta danborrada egiteko.

Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarain bi danborrada egin dituzte arratsaldean: Euskal Herria kaleko eraikineko Haur Hezkuntzako ikasleek 15:30ean hasita egin dute desfilea jolastokian; eta Lehen Hezkuntzakoek Perdillegi kaleko eraikinaren kanpoaldean egin dute, 16:00etan hasita.

Azpeitiko Ikastola Ikasberriko Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasle guztiek elkarrekin egin dute danborrada. Jolastokian egin dute festa 16:00etatik aurrera.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide