Beñat Lizaso: "Gauzek asko aldatu beharko dute nik txapelketetan segitzeko"

Uztarria.eus 2019ko abe. 16a, 09:20
Beñat Lizaso artxiboko irudi batean.

Larunbatean, finala bukatu berritan, Lizasorekin hitz egiteko aukera izan zuen Uztarria.eus-ek. Azpeitiarrak adierazi zuenez, lasai eta gustura zegoen Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren finalean lehen aldiz kantatuta. Bakarkako ariketan ez zela fin aritu aitortu zuen; gainerakoan, baina, "eroso" jardun zuela ere adierazi du. Finalaren zapore "gozoa" gelditu zaio Lizasori.

Nola baloratzen duzu aurreneko finala?

Lehenbiziko balorazioa ona da. Gozatu egin dut; nola erreakzionatuko ote nuenaren beldurra banuen horrenbeste jenderekin. Gustura jardun dut, baina azkenerako nekatu egin naiz, eta bakarkakora hala iritsi naiz, nekatuta. Bakarkakoa dut parte ahulena: banuen beldur hori, eta erori egin naiz. Orokorrean, ordea, oso gustura nago.

Ofiziotan gusturago aritu zara.

Bai, gustura ari nintzen, lasai nengoen, eta ikusten nuen ondo ari nintzela. Bakarkakoan, berriz, asko huts egin dut.

Final batean gozatzea ez da gutxi, ala?

Helburua horixe nuen: etortzea eta gozatzea. Horrelako plazarik ez dut berriz egingo, eta aprobetxatu beharra zegoen nola edo hala. Gozatu egin dut, eta gustura nago benetan.

Ikusleak barrez ere jarri dituzu behin baino gehiagotan.

Nire bertsokera horixe da. Nire bertsoak egitera etorri naiz, bertsotan nola egiten dudan erakustera, eta ikusi dut hori lortu dudala; horregatik nago gustura.

Ikusleen artean zenuen Sebastian, aita. Amaitu ondoren berarekin egoteko aukerarik izan al duzu?

Bai, aita ere emozionatuta zegoen. Nik uste dut helburua horixe zela, etorri eta ondo pasatzea.

Horren sentsazio onarekin geldituta, berriz errepikatzeko harrik ez al zaizu sartu?

Ez, ez. Langa oso goian jarri dut, eta ez dut hau gaindituko. Uste dut nire txapelketak hemen amaituko direla, eta bukatzeko ere, ez da leku txarra.

Txapelketei agur esaten ari zara?

Badaezpada ez dut leporik jarriko, lehen ere askotan deskuidatu naizelako, baina bai, gauzek asko aldatu beharko dute nik txapelketetan segitzeko.

Attitteri eskaini diozu bukaerako agurra.

Tolosako saioan finalera pasatu nintzela jakin nuenean, bizi izan balitz hark nik baino poz handiagoa hartuko zukeela pentsatu nuen. Eta pentsatu nuen agurra berari kantatu behar niola, bai edo bai.