Lan oso txukuna osatu du Beñat Lizasok estreinako finalean

Uztarria.eus 2019ko abe. 14a, 22:23
Beñat Lizaso finalean. (GBE)

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren finala izan da gaur, abenduak 14, Donostiako Illunben. Lehen aldiz iritsi da finalera Lizaso, eta lan txukuna gauzatu du. Binakako ofizioetan egoki aritu da azpeitiarra, eta behera egin du bakarkako ariketan. Finalaren lehen zatian batu dituen puntuak tarteko, zazpigarren sailkatu da. Joxe Lizaso aitona zena izan du gogoan bukaerako agurrean.

Sei mila lagun zortzi bertsolariei begira. Beñat Lizaso izan da gaur, zapatua, Donostiako Illunben jokatu den Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren finalean abestu duen bertsolarietako bat, eta lan polita osatu du hark. Lehen zatian egindako lanak kontuan hartuta –ez da buruz burukora sailkatu–, 541 punturekin zazpigarren sailkatu da azpeitiarra. Herrikideen eta gertukoen animorik ez zaio falta izan hari saioan; hiru pankarta, behintzat, jarri dizkiote horiek. Honako mezu hauek irakur zitezkeen Illunbeko hormetan: "Hementxe dala, hementxe dala… Aupa Beñat!", "Ze besarkada ote datorkik txapela irabaztean!" eta "Nolako egurra halako ezpala. Aupa, atte!".

Lehen Gipuzkoako finala izan da gaurkoa Lizasorentzat, baina agertokiak ez dio bertigo handirik sortu azpeitiarrari. 17:08an zozketak erabakitako hurrenkeran sartu dira Illunbeko pistara zortzi bertsolariak –Jon Maia, Agin Laburu, Nerea Elustondo, Alaia Martin, Beñat Lizaso, Oihana Iguaran, Ane Labaka eta Beñat Gaztelumendi–; Lizaso irribarrez, harmailetara begira, gertukoei kasu eginez. Agertokira igota, bertsolari guztiak banaka aurkeztu ditu Ion Zaldua gai-jartzaileak, eta txalo zaparrada ikaragarria jaso dute denek ala denek. Agurra umorez osatu du Lizasok, Ilunberen, Azpeitiaren eta zezen plazaren arteko lotura eginez. Hala osatu du bertsoa: "Arratsalde on bertsozaleok, hau da jendetza ai ama/ halare ezta deserosoa hemen aurkitu dedana/ azpeitiar bat ta zezen plaza lotuta baitoa dana/ pikadoreen antza det, baina torero onaren fama/ kapote gabe puertagaiola aurkeztu naiz zuengana/ beldurrik gabe lortzeko asmoz bi belarri ta buztana”.

Zortziko handiko ofizioa Iguaranekin osatzea egokitu zaio Lizasori, eta lan oso polita egin dute biek. Eskiatzera joan nahi duen bikotearen paperetik. Gurasoei dirua eskatu edo ez; horixe koska. Hala hasi du lehen bertsoa azpeitiarrak. "Eskiatzeko ilusioa elur zuriaren poza/ jakin Oihana horrek pizten du beti Beñaten bihotza/ ta gurasoei eskatzea da neretzako aproposa/ ze pasatu behar degu inbidia ala lotsa?". Oihanaren erantzuna: "Justu horregatik daukagu gero zorra zorrari jarraika/ ehun euro dira gaueko hotela berrogeita hamar forfaita/ hobe murriztu aurrekontua astindu aurretik aita/ edo fondoko eskia egin askoz merkegoa da ta". Axolagabe rola hartu du Lizasok, eta hala bota du azken bertsoa: "Baña zergatik baztertzen dezu jarri dizudan aukera/ hemen geldituz joan beharko degu bertso finalera/ kalean bazkaldu kalean bazkaldu ta gero poteatzera/ garestiago irtengo zaigu hemen gelditzen bagera". Iguaranek, berriz, hankak lurrean jarrarazi dizkio ofizioa bukatzeko: "...ta hobe gure aisialdia aurrekontura prestatu/ ta hobe dirua larrialdi bat dugun unean eskatu".

Umore ukitua

Zortziko txikian Gaztelumendik eta Lizasok osatu dute ofizioa: Gaztelumendik zerbait esaten duenero, Lizasok azken hitza izan behar izaten du. Horixe gaia. Ordura arteko bertsoaldietan gainerako bertsolariek egin duten legez, umoretik jo dute; goia jo gabe, baina. Hala esan dio Gaztelumendik beren laguntasuna zalantzan jarriz: "Gaia aukeratzeko problema daukat nik/ Beñat hasia nago nazkatzen jadanik/ beti daukazu zerbait edozer esanik/ ia ez det sinisten lagunak geranik". Eta Lizasok: "Marka, baina ez nago hori pentsatuta/ hizketan hasten zera erabat galduta/ zure hizketa mota kontuan hartuta/ dena baldin badakit ez da nere kulpa". Bigarrenean hala bukatu du Gaztelumendik: "Ez ez dakizu dena, ezin da horrela/ baina txapa daukazu galanta, itzela/ jakinda normalean luzerako dela/ egiten det entzungo banizu bezela". Eta azkenengoan ederki borobildu du ariketa Lizasok. "Gero pasako dena neretzat hor konpon/ baina nola kontua gure esku dagon/ beñat uste det bioi eingo digula on/ ni hasiko naiz eta zu isilik egon".

Puntu-erantzunak etorri dira gero, bertsolariek final zortzirenetatik egin gabe zuten ariketa. Gaia emanda hiru bertso osatu dituzte bakarka, eta Lizasori tokatu zaion gaia 'angulak' izan da. Ion Zaldua gai-jartzaileak hala bota dio: "Iritsi da angulak jateko garaia...". Eta laster erantzun dio Lizasok: "...urrutitik hartu beharko usaia/ nahiz askori ipini zapore alaia/ berriz geratuko zait probatzeko nahia". Bigarrenean anguletan sekula ez dela ibili aitortu du azpeitiarrak, hirugarrenean "jaki garestiak nahi prezio merkean..." puntuari modu honetan erantzuteko: "...hori sinestea da geuretzat kaltean/ merke ezin erosi dendara joatean/ halare pozik mahaian zerbait izatean".

Bortxaketa bat eta arrazakeria

Umoretik dramara, ariketa batetik bestera. Hamarreko txikian, Lizasorentzat eta Labakarentzat gaia, honako hau: "Bortxaketa jasan duen neska gazte baten gurasoak zarete. Zuen alabaren intimitatea zaintzen saiatu zareten arren, zuen etxe atarian telebista kamera ugari pilatzen dira egunero". Gaiak eskatzen duen seriotasunetik eutsi diote bi bertsolariek ofizioari. Lizasok horrela: "Bortxaketak gauza asko dauzka ordainetik/ batzuk pasatzea nahi dutenak gainetik/ nik hitz egingo diet nere ezinetik/ ikusten degu modu hain desberdinetik/ jende askok jaten du besteen minetik". Eta Labakak hala: "Hori egin litekenik zaila zait ulertzen/ barrua sentitzen det ia minak lehertzen/ izena zabaltzean nahikoa oker zen/ kamarak guregana dituzte okertzen/ baina bortxatzailea ez da inon agertzen". Bigarren bertsoan bortxatzailearen izen-abizenak jakinarazi beharra aipatu du Lizasok, eta hala bukatu du bigarren bertsoa Labakak: "...sistema gaixo dago nik esango nuke/ erasotan morboa ikusten badute". Eta hirugarrenean argi hitz egin du Lizasok: "Hala ibiltzen da bai gizarte zikina/ sufritu duenari berriz eman mina/ baina alda dezagun guk mundu gordina/ seinalatuko dugu da gauza jakina/ sufritu dezan gure alabak adina". Labakaren erantzuna, ofizioa bukatzeko: "Batzuk hezten gaituzte beti beldurrean/ autoestima dauka alabak lurrean/ gaur gure etxepeko luze-laburrean/ kazetari bat jartzen bazait muturrean/ harro mintzatuko naiz kamara aurrean".

Bakarkako ariketan behera egin du Lizasok. Honako gai hau egokitu zaio azpeitiarrari: "Azal beltzaranekoa zara. Euskal hiztun gehienek gaztelaniaz egiten dizute lehen hitza". Ondo hasi du bertsoaldia, lehena horrela kantatuta: "Gazte-gaztea nintzela nuen muga haundi bat igaro/ eta geroztik Euskal Herrian bizi izan naiz luzaro/ hemen hazi naiz, hemen hezi naiz, ta ze sentipen arraro/ jende guztia dedan itxura beltzari begira dago/ batzutan pentsa izan det gero, ezin dudala gehiago/ baina batzuen mingaina beti zergatik doa lehenago". Bigarren bertsoa horrela osatu du: "...ni ze herritan bizi ote naiz ulertzea ere sinetsgaitz/ nahiz batzuetan pentsatzen dedan hobe det hastea garaiz/ saltzailetzako juzgatzen naute hizketan neu hasten banaiz". Horrela bukatu du gaia emanda bakarka osatu duen ariketa: "...eta arazo honen atzetik gehio etorriko dira".

Eta ez da agurtu

Gaztelumendik txapela berretsi du gaurkoan; nabarmen beste bertsolari guztien gainetik aritu da, 940,5 puntu batu ditu. Buruz burukoa Laburuk eta biek jokatu dute, baina Laburuk ezin izan du jantzi aurtengo txapela (916 puntu lortu ditu). Hirugarren sailkatu da Alaia Martin (576 puntu), laugarren Nerea Elustondo (565,5 puntu), bosgarren Oihana Iguaran (560 puntu) eta seigarrena izan da Ane Labaka (552 puntu). Zazpigarren sailkatu da Lizaso (541 puntu), eta Jon Maia zortzigarren (533 puntu).

Bukaerako agurrean etxekoak, eta batez ere, 2009an hil zen eta aitona zuen Joxe Lizaso izan du gogoan Lizasok. "Aurrena eskertu nahi det zue danon erantzuna/ etxeko eta lagunek emandako maitasuna/ aipamen bat Nahikariri zu bai zerala laguna/ Gurutze zuri musu bat zu zera jasaten nauna/ baina bada norbait gure ondotik aspaldi juna/ bidea hasi zuena naizenaren erruduna/ guzti hau zeuretzako da ene attitte kuttuna/ nere egun handiena bizitzeik euki eztezuna". Azken hitza esatearekin txalo zaparrada ikaragarria jaso du azpeitiarrak.

Txapelketen aroa bukatzen ari zaiola behin baino gehiagotan esan izan du Lizasok. Baina finalak izango dira txapelketetan segitzeko amu; izan ere, gaurkoan ez da lehietatik agurtu. Are gehiago; azpeitiarrak Euskal Herriko Txapelketan aritzeko txartela eskuratu du aurten osatu duen Gipuzkoako Txapelketa tarteko, eta lehia horretan aritzeko aukera, behintzat, izango du. Ikusteko dago, ordea, zer erabaki hartuko duen.

Azpeitiar ugari

Sei mila lagunen bueltan elkartu dira Illunben, eta autobus ugari iritsi dira batetik nahiz bestetik; Azpeitik ere bai. Hainbat eta hainbat azpeitiar izan dira Illunben, eta Lizasok haien beroa jaso du. Bertsozale nahiz bertsolari, asko izan dira finala bertatik bertara bizi izan dutenak. Aurpegi ezagunak ere bai tartean; han izan dira, besteak beste, Imanol Lazkano, Laxaro Azkune eta Sebastian Lizaso.