Itziar Sagarzazu hil da, Loiolako Herri Irratiko esatari izandakoa

Itziar Sagarzazu 2012an ateratako argazki batean.

Zestoarra 82 urterekin hil zen zapatuan Zarautzen. 31 urte egin zituen Loiolako Herri Irratian lanean. Hain zuzen ere, 1962an irrati hura sortu eta urtebete baino gutxiagora hasi zen esatari lanetan. Gaur izango da haren aldeko hileta-elizkizuna Zarauzko parrokian.

Itziar Sagarzazu (Getxo, Bizkaia, 1937) Loiolako Herri Irratiko esatari izandakoa hil zen larunbatean, 82 urte zituela. Hark 31 urte egin zituen Loiolako Herri Irratian lanean. Hain zuzen ere, 1962an irrati hura sortu eta urtebete baino gutxiagora hasi zen Sagarzazu uhinen artean esatari lanetan. 1994. urtean utzi zuen irratiko lana, eta handik hamasei urtera itxi zuten Loiolako Herri Irratia. Sagarzazuk itxiera "penaz" hartu zuela azaldu zion sasoi hartan Uztarriari: "Albiste tristea da; hainbeste ordu sartu genituen proiektu hura aurrera ateratzen...".

Getxon jaio zen Sagarzazu; izan ere, haren familia Zestoatik ihes eginda zegoen gerra tarteko. Bizitzako lehen urteak Santanderren (Espainia) eta Normandian (Frantzia) eman zituen halabeharrez, eta gerora itzuli zen familiarekin Zestoara. Azken urteetan Zarautzen bizi zen. Sagarzazuren inguruko erreportajea kaleratu zuen Uztarriak 2012ko maiatzeko aldizkarian, eta honako lotura honetan irakur daiteke lan hura.

Gaur, astelehena, izango da haren aldeko hileta-elizkizuna Zarauzko Andra Mariaren Zeruratzea parrokian.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide