Loiolako uhin etenak

'Urola Kostako Hitza' 2010ko mai. 6a, 11:05
Zuzeneko saioan teknikaria eta hizlaria. (L.H.I.)

Loiolako Herri Irratiaren egoitza ixtean tristura da nagusi bertako langileen artean, lan finez eta gogorrez piztu zena itzali egin baita

Arazo ekonomikoak medio, Jesuslagundiak Noticias taldeari saldu behar izan dio irratia

1961eko otsailean zabaldu zituen ateak Loiolako Herri Irratiak eta 49 urteren ostean, itxi egin dute egoitza hori. Bertan zeuden azken langileek joan den ostegunean agurtu zuten Santutegiko erdisotoko estudioa, askorentzat kasik bizitokia izan den lantegia. Orohar penaz hartu dute albistea, minez eta tristuraz, han urte luzez lanean aritu diren kazetariek eta langileek; pena, batez ere Herri Irratiak herri izaera galduko duelako eta Onda Vasca Irratierekin bat egitean, euskararen presentzia ere gero eta murritzagoa izango delako.

Krisiaren ondorioak

Sorreratik Loiolako Jesulagunena eta Donostiako Gotzaitegiarena izan zen Herri Irratia, baina, arazo ekonomikoak medio, joan den martxoaren 25ean Noticias taldeari saldu behar izan zioten. Akordioan hitzartu zuten Herri Irratiko emanaldiak Onda Vasca Irratiko programazioan integratzea, "bien erreferentziazko produktuak batuko dituen eredu baterantz bidea egiteko".

Baina errealitatea bestelakoa da, Loiolatik egiten ziren saioak kendu egingo baitituzte Onda Vascaren programaziotik. Euskarazko programak ere gero eta urriagoak dira. Izan ere, Donostian egiten ziren euskarazko zenbait saio kendu dituzte jada, Mikel Markezen Ahobete Hots eta 11 urteko ibilbidea izan duen Imanol Ubedaren Kantari programa, esaterako.

Langile ohien atsekabea

Herri Irratiaren sorreran eta bizitzan eta, orohar, euskarazko irratigintzan garrantzitsuak izan diren pertsona asko igaro dira Loiolako Herri Irratiko estudioetatik. Horietako batzuekin hitz egin du Urola Kostako Hitzak eta albistea nola hartu duten galdetzean, "pena" aipatu dute guztiek.

Laxaro Azkunek 21 urte egin zituen irratian, 1983tik 2004ra. Herri Irratiaren ibilbidea "bistakoa" izan dela adierazi du kazetariak: "Azken urteetan bide berriak ireki nahi izan ditu baina ez du etekin ekonomikorik eman". Noticias taldeak Herri Irratia erostean, hiriburuetako egoitzak mantendu ditu, baina herrietakoak ixten joan da; Loiolakoa, kasu.

Alberto Gorritiberea hogei urte baino gehiagoz aritu da beharrean Loiolako Herri Irratian, eta egoitza itxi dutenean langabezian gelditu da. Azkuneren iritzi bertsukoa da Herri Irratia "handinahiak eta ikuspuntu zentralistak ito duela" dionean. "Pena handiena" ematen diona herritarrekiko harremana galtzea da, irrati berrietan estudiotik egiten baita lan, gehienbat. "Nire ustez ezin da jakin irratia zer den kaleko saiorik egiten ez den bitartean". Nostalgiaz gogoratzen ditu Herriz herri eta Festarik festa programekin egindako ehunka saio, herritarrengandik hurbil egindakoak, herritarrei galdetuz eta eurekin hitz eginez. Azkenean, "pixkanaka itzaltzen joan den kandela" izan da Loiolako Herri Irratia Gorritiberearentzat.

Karmelo Otaegik irratiaren sorreran hartu zuen parte, eta 1961ean ireki zutenetik 36 urte pasa egin zituen bertan lanean. "Zabaldu genuenean guztia ikasi behar izan genuen, inoiz ez baikenuen izan irratiarekin harremanik". Pasatako momentu txarretako batzuk dakartza gogora Otaegik: "Gu suntsitu nahirik ibili zirenean, lehergailua jarri zigutenean eta euskararen alde etengabe egin beharreko borroka, esaterako". Loiolako Herri Irratian lan egitea "oso esperientzia baikorra" izan zela aitortu du. Aberasgarriena, batez ere, "entzuleekiko harremana" izan zela dio. "Oso gertuko irratia zen eta orain galdu egingo du, dudarik gabe, herri izaera hori".

Itziar Sagarzazu irratia sortu eta urtebete ingurura hasi zen bertan lanean. Eta 31 urtez jardun zuen uhin artean. "Albiste tristea da, izan ere, hainbeste ordu sartu genituen proiektu hura aurrera ateratzen!". Bere "sukaldetzat" zuen hartan, zituzten zailtasun guztien aurrean "begiak itxi eta aurrera" egiten zutela aitortu du; "beti herriaren alde eta, batez ere, egiaren alde lan egiten, emakumeen mugimendua bultzatzen eta nekazariei laguntzen". Argi du ordea, dirurik ez dagoenean ezin dela aurrera egin: "Ametsekin soilik ezin da irrati bat aurrera atera". "Dena den, ez dut uste esku txarretan geratu denik. Baina garaiak txarrak dira guztientzat, eta irratia ez da inolaz ere negozio erraza", aitortu du. Sagarzazuren ustez, "Loiolako egoitza bakarrik existituko balitz, ez ginateke potentzia handia izango baina, ziurrenik ez litzateke itxi beharrik izango". Donostiako Herri Irratiarekin bat egitean galdu zuen nortasuna, bere ustez, Loiolako Herri Irratiak.

Etorkizunera begira

Ander Ugarte kazetari azpeitiarra duela zazpi urte hasi zen Loiolako Herri Irratian, eta atzo bere lehen laneguna zuen Donostiako egoitzan. "Txarrenean, gustura nago, barruan baino kanpoan gehiago ikusten bainuen neure burua". Dena den, Loiolako Herri Irratia ixtea lastima dela dio, "baina, nagusi berriak etortzen direnean, haiek ikusten dute zer den komenigarriena".

Bi gaitzetatik txikiena hautatzea izan da, agian, Noticias taldeko buruzagi berriek egin dutena. Etorkizunari begiratzean, langile ohiek eta entzule askok, orain arteko euskal kutsua mantentzea espero dute, nahiz eta guztiek dakiten ez duela izango 1961. urtean Loiolan argia ikusi zuen irrati berri, herrikoi eta euskaltzalearekin zerikusi handirik.