25,8 milioi euroko aurrekontu orokorra izango du udalak 2020an

Uztarria.eus 2019ko abe. 4a, 20:21
EH Bilduk eta EAJk aho batez onartu dituzte 2020rako udal aurrenkontuak. (Maialen Etxaniz)

Aho batez onartu dituzte 2020. urterako aurrekontuak. Bi ardatz nagusiren bueltan osatu dituzte datorren urterako aurrekontuak: ekonomia eta gizarte babesa. Besteak beste, lur industrialen gaiari heldu eta lanaren kalitatea hobetzeko neurriak hartuko dituzte. Gizarte Zerbitzuen Saileko zenbait zerbitzu ere indartuko ditu udalak. Kultur arlora bideratutako diru partida %13 igo da, eta hezkuntzara bideratutakoa %8. Udalaren egoera ekonomikoa "ona" da, eta erakundeak "zorpetxe txikia" du. 

Azpeitiko Udalak aho batez onartu ditu 2020. urterako aurrekontuak. Atzo, asteartea, egin zuten abenduko ohiko udalbatzarra, eta bertan onartu zituzten aurrekontuak. EAJk bat egin zuen EH Bilduren Udal Gobernuak aurkeztutako proposamenarekin.

Abenduaren 3a zen atzo, eta Inaxio Uria gogoan hartuta hasi zuten bilkura. Izan ere, atzo 11 urte bete ziren ETAk Inaxio Uria hil zuenetik. Nagore Alkorta alkateak hartu zuen hitza aurrena, eta babesa agertu zien Uriaren senideei eta gertukoei. Era berean, Alkortak azpimarratu zuen Azpeitiko Udalak giza eskubideen eta bizikidetzaren alde lanean jarraitzeko konpromisoa duela. Horren ostean heldu zioten urteko azken udalbatzarreko gai zerrendari, eta aho batez onartu zituzten 2020. urterako aurrekontuak. 

Guztira, 25,8 milioi euroko aurrekontu orokorra izango du Azpeitiko Udalak datorren urtean. Zifra hori udalaren, Euskara Patronatuaren, Kirol Patronatuaren eta Azpeitia Berritzenen aurrekontuen batura da. Udalaren berezko aurrekontua, berriz, 20,2 milioi eurokoa izango da. 2019ko kontuei erreparatuta, milioi bat euro gehiago izango du udalaren aurrekontu orokorrak. Erakundearen aurrekontu propioa, berriz, miloi erdi euro hazi da. Igoera hori udalaren gestio onaren ondorio dela azaldu du Leire Goenaga Ogasun batzordeburuak, eta azpimarratu du udalaren egoera ekonomikoa "ona" dela gaur egun: "Altxordegiak Udalaren egoera ekonomiko lasaia eta egonkorra bermatzen digu, eta zorpetze txikia dugu. Horrek, ordea, ez gaitu lasaitzen, diru publikoa zuhurtziaz inbertitu behar baitugu". Herritarren beharrei egokitutako aurrekontuak osatzen saiatu direla azpimarratu du Ogasun batzordeburuak. Haren hitzetan, "parte hartzean oinarritutako aurrekontuak" osatu dituzte, beste alderdien, eragileen eta herritarren ekarpenekin. 

Ekonomia eta gizarte babesa ardatz

"Bi ardatz nagusiren bueltan" osatu dituzte 2020rako aurrekontuak: ekonomia eta gizarte babesa. Bi arlo horietan eragiteko neurriak hartu dituzte, eta "nabarmen" igo da lan lerro horietara bideratutako diru partida.

Ekonomia, enplegua eta formazioa sustatzera 1,3 milioi euro bideratuko ditu udalak, orain arte baino %30 gehiago. Azken datuen arabera, langabezia tasa %7,6koa da Azpeitian, EAEko langabezia tasa baino hiru puntu baxuagoa. Azpeitiko langabezia datuak "onak" diren arren, udalak lanaren kalitatea hobetzea du xede, eta horretarako neurriak hartuko ditu datozen urteetan. Besteak beste, lur industrialen gaiari heldu nahi dio udalak. "Industria da herriko ekonomiaren motorra, eta bide horretan ehun industrialen azterketa jarri berri dugu martxan. 2020rako 200.000 euroko partida jarri dugu industriaguneen plan berezia egiteko", aurreratu du Goenagak. Horrez gain, sustapen ekonomikorako dirulaguntzak berrituko dituztela azaldu du: "Datorren urtean ekintzaile berriei beren ideiak garatzeko, enpresetan berdintasun planak ezartzeko, enpresa txikien digitalizazioa bultzatzeko eta energia berriztagarrien ezarpena sustatzeko laguntzak emango ditu udalak". Merkataritzari ere begiratu diote aurrekontuak osatzerakoan, eta Udalak aurreratu duenez, "herriko merkatariekin elkarlanean ondutako proiektu bat" jarriko dute martxan 2020an. Formazioari dagokionez, Basazabalen ematen duten eskaintzarekin jarraituko du udalak, unibertsitateekin zein bestelako eragileekin elkarlanean. 

"Gizarte babesa" da Azpeitiko Udalaren "erronka nagusietako bat". Horrenbestez, 2,1 milioi euro bideratuko dituzte Gizarte Zerbitzuetara. Goenagak azaldu duenez, menpekotasun egoeran dauden herritarrei zuzendutako etxez etxeko laguntza nahiz "okerren" pasatzen ari direnei zuzendutako dirulaguntzen poltsa indartuko ditu udalak 2020an: "Geroz eta gehiago dira zerbitzu horiek erabiltzen dituzten herritarrak, eta guk beharra duten guztiei zerbitzua eskaintzeko igoko dugu aurrekontua. 65 urtetik gorako herritarrei 1.080 euroko diru sarrerak bermatzeko diru laguntza indartu genuen iaz, eta aurten kopuru hori –200.000 euro– mantenduko dugu, beharrezkoa ikusten dugulako".  

Obrak, "bizi kalitatea hobetzeko"

Hirigintza eta ingurumen arlora 2,1 milioi euro bideratuko ditu udalak. Herriko hainbat txokotan urbanizazio lanak egitea aurreikusten du erakundeak, "herritarren bizi kalitatea hobetzeko". Hain zuzen, Garate Anaia auzoan urbanizazio obrak egingo dituzte, eta Etxe Alai eta Arana auzoetan irisgarritasuna aztertuko dute. Behin azterketa eginda, irisgarritasuna hobetzeko neurriak hartzea da helburua. Alde Zaharrean ere izango da berrikuntzarik. Obrak "ondo bidean" joanez gero, Alberdi Eneako aparkaleku publikoa jarriko dute martxan 2020an. 

Azpeitia eta Lasao arteko bidegorria nahiz Urrestilla eta Azpeitia artekoa bukatzear daude. Urrestillako bidegorriari dagokionez, udalak aurreratu du datorren urtean amaituko dutela Azpeitiko bidegorri sarearekin lotzeko falta den Landetako zatia. Goenako parkea txukuntzea eta egokitzea ere aurreikusten du udalak. 

Beste hainbat proiektu esku artean

Kulturan, Hezkuntzan eta Parekidetasunean ere gora egin dute aurrekontuek, eta diru partida handiagoa bideratuko dute hiru lan lerro horietara. Kulturari dagokionez, aurrekontua %18 igo da. Udalaren hitzetan, Azpeitiko kultur taldeei laguntzea da lehentasuna. Horren harira, kultur taldeek sormenaren eta kulturaren trasmisioan egiten duten lana azpimarratu du Leire Goenaga Ogasun batzordeburuak. Kultur taldeei ez ezik, udalak bultzada eman nahi dio Soreasuko Sormen Guneari, eta  proiektuari "bizia emateko" aurrekontua handitu dute.  

Hezkuntzari dagokion aurrekontua %8 igo da. Horrenbestez, Hezkuntza eta euskara lan lerrora milioi bat euro bideratuko ditu udalak. Herri Hezitzailearen filosofia indartzeko eta herriratzeko saiakera egitea da erakundearen helburua. 

Halaber, 2020. urtean Kirol Plan orokorra egitea aurreikusten du udalak. "Plan horren bueltan, gaur egungo egoeraren azterketa egin eta erronka berriak zehaztea da helburua", azaldu du Goenagak. 

Parekidetasun arloari dagokion proiektu bat ere badauka esku artean Azpeitiko Udalak. Aurreratu dutenez, testigantzak oinarri hartuta, historian zehar emakumeek herriari egin dioten ekarpena jasotzea da egitasmoaren helburua.

EAJren proposamenak kontuan hartuta

Azpeitiko EAJ ados agertu da 2020. urterako udal aurrekontuekin, eta EH Bilduk mahaigaineratutako proposamena babestu du. Amaia Etxeberria EAJren bozeramailearen hitzetan, aurrekontuak osatzerakoan EAJren udal taldeak egindako proposamenak kontuan hartu ditu EH Bilduren Udal Gobernuak. Lur industrialen gaian sakontzea eskertu dute jeltzaleek. Horrenbestez, begi onez ikusi dituzte aurrekontuak.

EAJren udal ordezkariek aurrekontuen inguruan egin duten balorazioaren berri emateko gutuna plazaratu dute Uztarrian. Idatzian azaldu dutenez, atzokoa urteko plenorik garrantzitsuena izan zen EAJko ordezkarientzat, "azpeitiarron ongizatea hobetzen jarraitzeko ezinbestekoak diren gastu, inbertsio, kudeaketa eta abarrak" zeudelako ezbaian. "Jakinda eta ikusita udalak aurkeztutako aurrekontuak koherenteak izan direla, ez dagoela guztiz aurka azaltzeko moduko proiekturik, eta, batez ere, EAJren udal taldekideok egindako proposamen batzuk ere kontuan hartu direla, arduraz jokatu eta aurrekontuak babestea erabaki dugu, aho batez. Taldeak batzordeetan egindako proposamenetako batzuk jasotzen dituen aurrekontuak dira, eta bereziki pozten gaituenak ere badaude tartean; lur sail industriala erosteko gehitu den diru partida berria, adibidez. Bazen garaia, aldez aurretik eskatzen ari ginen behar honetaz jabetu eta udalak lur sail industrialak erosteko asmoa aurrekontuetan adierazteko, herria industriarako berriz erakargarri izatea nahi badugu behintzat". EAJren balorazioa osorik, hemen.

2020ko aurrekontuak

-Udalaren aurrekontu orokorra:  25.837.143 euro. (2019an: 24.883.592,23 euro).
-Udalaren aurrekontu propioa:  20.246.218 euro. (2019an: 19.808.525,23 euro).
-Euskara Patronatua: 642.812,84 euro. (2019an: 621.901,20 euro).
-Kirol Patronatua: 1.443.073,39 euro. (2019an:1.406.023,93 euro).
-Azpeitia Berritzen: 4.509.325 euro. (2019an: 4.002.467 euro).

Kopuruak, sailez sail

-Ogasuna eta kontuak: 476.556,85 euro. (2019an: 478.960,43 euro) 
-Hirigintza eta ingurumena: 2.152.000 euro. (2019an: 2.438.187,13 euro
-Hezkuntza eta euskara: 1.002.712, 84 euro. (2019an: 532.400 euro)
-Kultura eta gazteria: 1.000.000 euro. (2019an: 898.400 euro) 
-Kirola: 922.973,39 euro. (2019an: 901.923,93 euro) 
-Gizarte zerbitzuak: 2.101.976 euro. (2019an: 1.926.000 euro)
-Langileria eta antolakuntza:  5.856.794,20 euro. (2019an: 5.769.312,12 euro) 
-Festak: 549.000 euro. (2019an: 531.000 euro) 
-Zerbitzu orokorrak: 3.893.479,53 euro. (2019an: 3.743.835.96 euro) 
-Alkatetza: 441.000 euro. (2019an: 436.000 euro)
-Ekonomia, enplegua eta formazioa: 1.317.725,21 euro. (2019an: 1.081.754,46 euro) 
-Parekidetasuna: 202.000 euro. (2019an: 172.000 euro) 
-Baserriak:  331.000 euro. (2019an:351.000 euro)