Duchenne gaixotasunaren ikerketara bideratuko dute Grand Prix solidarioan bildutako dirua

Marea Urdina elkarteko Yolanda Kerexeta eta Julen Esteban, Zezen Beltz elkarteko Iban Sudupe, Udaleko Festa zinegotzi Mikel Odriozola, Duchenne gaixotasuna duen Irenen ama Veronica Reyes eta Zezen Beltz elkarteko Jagoba Labaka.

XI. Zezen Beltz asteburuaren barruan, Grand Prix solidarioa izango da zapatuan zezen plazan, eta sarrerekin biltzen duten dirua Duchenne Parent Project elkartera bideratuko dute. Lau taldek parte hartuko dute egitasmoan, eta horiek hainbat jolas eta proba egingo dituzte 17:00etatik aurrera. Dagoeneko salgai daude sarrerak Azpeitian eta Azkoitian, hiru eurotan. Larunbatean zezen plazako leihatilan ere eskuratu ahal izango dira.

Hainbat ekitaldi antolatu du Zezen Beltz elkarteak datorren zapatuan eta igandean izango den XI. Zezen Beltz astebururako, eta urtero arrakasta izaten duen Gran Prix proba aurten ere antolatu dute. Egitasmo solidarioa izango da zapatuan zezen plazan egingo dutena; izan ere, saldutako sarreretatik lortzen duten dirua Duchenne gaixotasunaren ikerketara bideratuko dute –Azpeitian bada gaixotasun hori duen haur bat, Iren–, Duchenne Parent Project elkartearen bidez.

Larunbateko Grand Prixean 32 lagun ariko dira lehian lau taldetan banatuta, eta horiek hainbat proba eta jolas egin beharko dituzte. Talde bat Marea Urdina elkarteko kideek osatuko dute; bestea, Duchenne Parent Project elkartekoek; hirugarrena, Azpeitiko eta Azkoitiko hainbat gaztek osatuko dute; eta laugarrena Azpeitiko gazte talde bat izango da. Julen Esteban eta Yolanda Kerexeta Marea Urdina elkarteko kideek eta Veronica Reyes duchenne gaixotasuna duen Iren umearen amak eskerrak eman dizkiete Zezen Beltz elkarteari, egitasmo solidarioa antolatzeagatik. "Zezen Beltzek aukera eman digu duchenne gaixotasunaren ikerketarako dirua biltzeko", azaldu dute.

Sarrerak dagoeneko salgai daude hiru euroren trukean, Azpeitiko Juantxo Txiki, Korrale eta Berdie tabernetan zein Txintxu gozotegian nahiz Azkoitiko Elurre kafetegian. Dena den, zapatuan ere erosi ahal izango dira sarrerak zezen plazako leihatilan, 16:00etatik aurrera. Guztira, 3.500 bat lagunentzat lekua dago Azpeitiko zezen plazan.

Aurtengoa hirugarren Grand Prix solidarioa izango da: 2016ean Aspanogi minbizia duten haurren gurasoen Gipuzkoako elkarteari 6.000 euro eman zizkion Zezen Beltzek, eta 2017an Arnasa Gipuzkoako fibrosi kistikoaren elkarteari eman zion 4.600 euroko dirulaguntza. Zezen Beltzeko ordezkariek azaldu dutenez, "laguntza sozial eta ekonomikoa behar dutenen alde ale txiki bat" jarri nahi duen elkartea da beraiena, eta horregatik prestatu dute hirugarren Grand Prix solidarioa.

Azpeitiko Udaleko Festa zinegotzi Mikel Odriozolak eskerrak eman dizkio Zezen Beltz elkarteari, hamaikagarrenez jarraian asteburua antolatzeagatik eta elkarteak herriari egiten dion ekarpenagatik. Hark bereziki eskerrak eman zizkien Zezen Beltz eta Marea Urdina elkarteetako kideei nahiz Veronica Reyesi Grand Prix solidarioa antolatzeagatik, eta laguntza ekonomikoa nahiz soziala behar duten herritarren alde beren alea jartzeagatik: "Benetan txalotzeko ekimena da antolatu duzuena".

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide