Hausnarketara gonbidatzen duten bost proiekturi emango dio bultzada 2019ko Sorkuntza Bekak

Uztarria.eus 2019ko ira. 20a, 16:30
Guztira, bost proiektu landuko dituzte diruz 2019ko Sorkuntza Bekarekin. (Maialen Etxaniz)

Kultur Mahaiak eta Udalak 12.000 euro bideratu dituzte aurtengo Sorkuntza Bekara. 11 proiektu aurkeztu dituzte deialdira, eta bostek jasoko dute dirulaguntza. Bekaren sustatzaileen hitzetan, aukeratu dituzten lanak "berritzaileak" dira, arte diziplinen arteko mugak "hausten" dituztenak, "balore hezkidedunak" eta ikus-entzulea hausnarketara gonbidatzen dutenak. Beka jasoko duten lagunek Dinamoan gorpuztu ahal izango dituzte beren proiektuak aurrenekoz. 

Sortzaile gazteen buruetan piztutako ideiak gorpuzteko aukera eskainiko du beste urte batez Azpeitiko Kultur Mahaiak eta Azpeitiko Udalak abiatutako Sorkuntza Bekak. Aurten, gainera, sorgintzarako guneak osagarrituko du Sorkuntza Beka; izan ere, dirulaguntzak jasoko dituzten artistek beren proiektuak eraikitzeko espazio fisikoa izango dute nahi izatekotan: Dinamoa sormen gunea. Aurten, hamaika lan aurkeztu dituzte Sorkuntza Bekara, eta horietatik bost lagunduko dituzte diruz. Udaleko Kultur Batzordeko kideek eta Kultur Mahaikoek osatu dute epaimahaia. Aurten, iaz bezala, 12.000 euro bideratu ditu Udalak Sorkuntza Bekara. 

Eneritz Albizu Kultur Batzordeburuak azaldu duenez, Sorkuntza Bekara aurkeztu dituzten eta diruz lagunduko dituzten proiektuak "berritzaileak" dira, arte diziplinen arteko mugak "hausten" dituztenak eta ikus-entzulea hausnarketara gonbidatzen dutenak: "Proiektuek balore hezkideak dituzte. Genero ikuspegia, elkarbizitza, aniztasuna, hizkuntza eta gizarteko arazoak jorratzen dituzte, besteak beste. Benetan ohore bat da guretzat proiektu horiek diruz laguntzea". Era berean, Albizuk gogoratu du aurten sortzaileek aukera izango dutela beren lanak Dinamoa sormen gunean gorpuzteko: "Sortzaileei espazio bat eskainiko die Soreasuko sormen guneak, eta proiektu hauetako kideek zein beste askok aukera izango dute beren lanak lantzeko, birlantzeko, eraikitzeko, irauli eta berreraikitzeko. Kultur ekoizpenaren azken faseari ez ezik, sorkuntzari ere garrantzia eman nahi diogu; bideari berari begira jarri, helmugari soilik erreparatu beharrean". 

Dinamoaren proiektua eta ibilbidea gertu-gertutik ezagutu ditu Xabier Gantzarainek, Kultur Mahaiko teknikaria izateaz gain, bera baita Dinamoaren kudeatzaileetako bat. Hark azpimarratu du "pozgarria" dela Sorkuntza Bekara aurkeztutako proiektuen sormen prozesuak Dinamoan egin ahal izatea: "Urtez urte Sorkuntza Bekara proiektu sendoagoak aurkeztu direla ikusi dugu. Aurtengo proiektuak ederrak iruditu zitzaizkigun hasieratik, eta Dinamoan bertan egiteko modukoak, gainera. Ederra da ikustea Dinamoa martxan dagoela, eta sortzaile gehienek hemen garatuko dutela beren egitasmoen sormen prozesua". Gantzarainen aburuz, "jende ezberdin ugari" elkartuko da Dinamoan, eta harreman horietatik "zerbait polita" atera daitekeela uste du.  

Orotara, hamaika lan aurkeztu dira 2019ko Sorkuntza Bekaren deialdira, eta horietatik bostek jaso dute dirulaguntza. Bekarik jaso ez duten proiektuak eta horien sortzaileen lana azpimarratu du Ainara Larrañaga zinegotziak, eta sortzen jarraitzera animatu ditu. "Guk datozen urteotan ere beka aterako dugu eta sormen prozesuak laguntzen eta bultzatzen jarraituko dugu", gaineratu du.

Poriektuen inguruko zenbait zertzelada

Hauek dira Sorkuntza Bekaren bidez diruz lagunduko dituzten bost proiektuak eta horien inguruko xehetasunak:

Satiro antzezlana

Xanti Agirrezabala aktore azpeitiarrak gorpuztuko duen lana da Satiro. Sorkuntza Bekatik 3.000 euroko dirulaguntza jasoko du Agirrezabalak bere poiektuari forma emateko. "Satiro bakarkako pieza eszeniko bat, non baleteko puntak erabiliz gaur egungo gizarte hipersexualizatutako satiro bat irudikatzen den. Maskulinitatea, desira, fantasia sexualak eta jarduera sexual ez normatiboak jorratuko dituen pieza bat da". Azpeitian aurkeztuko du antzezlana Agirrezabalak, antzerki topaketen barruan.  

Azpeitiko hizkuntzen funtsa

Maite Azpiazuk, Ainitze Urbietak eta Ana Bastidak proposatutako proiektua da, eta 1.600 euroko dirulaguntza jasoko du. Azpeitian elkarrekin bizi diren hizkuntza grabazio funtsa osatuko dute Kulturaz kooperatibarekin elkarlanean: "Beraien hizkuntzetatik abiatuz, haiengana euskara gerturatzea da abiapuntua. Elkarrizketak norbere hizkuntzan eta euskaraz grabatzen saiatuko gara, eta grabaketak Dinamoan egingo ditugu. Prozesua hasi eta grabaketak egingo ditugu bekarekin, gero etorriko dena ikusteko dago"-

Panpina antzezlana

Erika Olaizolak abiatutako proiektua da Panpina antzezlana. Olaizolak proiektuaren sormen prozesuan bidelagun ditu Oier Guillan eta Leire Arenas, eta Sorkuntza Bekatik 3.200 euroko dirulaguntza jasoko du. Hark azaldu duenez, Panpina antzezlana "oso lan pertsonala" da, eta bera soilik agertuko da oholtzan. Olaizolak urriaren 31n estreinatuko du Panpina Azpeitian bertan. 

Umm... Mmu obra

Maite Aizpurua zumaiarraren proiektua da Umm... mmu izeneko obra. Sorkuntza Bekarekin 2.500 euro jasoko ditu Aizpuruak bere proiektua gorpuzteko. "Gaur egungo gizarte honetan, dena azkar egiten den garaiotan, hausnartu nahi izan dut zer den une batez geratzea. Autore bati irakurri nion behin gauzak zehatzago ikusten direla leku zehatz batean geratuz gero. Horregatik, korrika makina bat erabiliz, runningaren kultura islatu nahi izan dut obra honetan, gaur egungo gizarteari kritika eginez".

Histeria pieza bat, musika eta irudia

Idoia Hernandez oreretarrak eta Maria Elorza donostiarrak hasitako proiektua da, eta 1.700 euroko laguntza jasoko dute Sorkuntza Bekari esker. "Panpin hautsien dantza kantu bildumatik sortutako sormen prozesu bat da Histeria. Musika aldetik, kontrastez beterikoa izango da. Ikus-entzunezko zatia Super8 pelikula analogikoarekin grabatukoa izango da". 

Azpeitiko Udalak hona bideo hau egin du Sorkuntza Bekaren sustatzaileen eta dirulaguntza jasoko duten artisten adierazpenekin:

Sorkuntza Bekaren uzta

2016an jarri zuten martxan Sorkuntza Beka Azpeitiko Udalak eta Kultur Mahaiak kultur sorkuntza bultzatzeko eta sortzaileei beraien obra sortzeko laguntza ekonomikoa emateko xedearekin. Orduan hamar proiektu aurkeztu zituzten, eta horietatik bost lagundu zituzten diruz. Aurreneko urtean 6.000 euro bideratu zituzten sortzaile gazteen proiektuak diruz laguntzera, eta iaz diru partida hori bikoiztu zuten. Beraz, 2017. urtean 12.000 euro bideratu zituzten Sorkuntza Bekara, eta diru-laguntzak zortzi proiekturen artean banatu zituzten. 2018an, zazpi proiektu lagundu zituzten diruz.