Zaila, baina ez ezinezkoa

Uztarria.eus 2019ko mar. 17a, 13:21

Herri kirolen historiako inoizko probarik "handiena" egiten saiatuko da gaur Xabier Orbegozo Arria V.a (Errezil, 1977). Hain zuzen ere, Azpeitiko zezen plazan hogei kanaerdiko ebaki, Hernio igo eta jaitsi, eta Tolosako zezen plazan beste hogei kanaerdiko ebaki beharko ditu, bost ordu eta hamar minutuko denboraren azpitik.

09:00etan hasi du marka saiakera errezildarrak. Azpeitiko zezen plazaren kanpoaldean enborrak ebakitzeko entrenamendu saio txiki bat egin ostean, barrura sartu da. Ordurako zain zituen zaleak; bete samartu egin da gunea. Segidan, jendearen animo oihu artean, bata bestearen segidan ziren enborrak ebakitzeari ekin dio Arria V.ak, aita eta Luis Txapartegi ondoan zituela. Azpeitiko lanak 50 bat minutuan amaitzea zen Arria V.aren asmoa, eta lortu du helburua. Izan ere, hamar kanaerdiko 21 minutu eta 47 segundoan ebaki ditu, eta hogei kanaerdikoak 47 minutu eta 17 segundoan.

Lan horiek amaitzean, Herniorako bidea hartu du kirolariak. Damaso aldera joan da aurrena, eta handik gora, Odria baserrira igo da. Ondoren, Etumetarako bidea hartu du; hara, 10:40 inguruan iritsi da, Andoni Ibarmia eta Joxe Apalantza ondoan zituela. Horiez gain, Ibon Gaztañazpi kazetaria eta kameralariak izan ditu bidelagun. Etumetan oinetakoak aldatu, eta Zelatunerako bidea hartu du errezildarrak. Itxura oso ona zuen. Euria eginagatik, jende ugari bertaratu da ingurura Arriaren iritsiera ikustera.

Ondoren, Zelatundik Herniora igo da Arria V.a, eta gurutzea ukitu ostean, Tolosarako bidea hartu du. Tolosara 13:00 pasatxo iristea aurreikusten zuen Arriak, baina espero baino hamar bat minutu lehenago sartu da Tolosako zezen plazara, ikusleen txalo artean. Hogei kanaerdiko ebakitzeko ordubete inguru beharko zuela pentsatzen zuen errezildarrak, baina askoz lehenago amaitu ditu lanak: lau ordu 49 minutu eta 35 segundo behar izan ditu lan guztiak amaitzeko. Beraz, erraz hautsi du berak bere buruari botatako erronka.

Helburua lortu duenez, Peru Eraikuntzak enpresak 6.000 euroko saria emango dio.

Hona hemen gaurko irudiak:

(Argazkiak: Uztarria eta Tolosaldeko Ataria)