Xabier Orbegozo: "Kaskatuta nagoela diote, baina erronkek bizia ematen didate niri"

Urola Kostako Hitza 2019ko mar. 14a, 18:05
Xabier Orbegozo ‘Arria V’.a. (Joseba Urretabizkaia)

40 kanaerdiko ebaki eta 26 kilometro korrika, bost ordu eta hamar minutuan. Herri kirolen historiako inoizko probarik "handiena" egiten saiatuko da Arria V.a igandean. Azpeitiko zezen plazan ekingo dio erronkari, 09:00etan.

Azpeitiko zezen plazan hogei kanaerdiko ebaki, Hernio igo eta jaitsi, eta Tolosako zezen plazan beste hogei kanaerdiko ebaki. Lan horiek bost ordu eta hamar minutuko denboraren azpitik egiten saiatuko da Xabier Orbegozo Arria V.a (Errezil, 1977), igandean. Helburua lortuz gero, Peru Eraikuntzak enpresak 6.000 euroko saria emango dio; bestela, berriz, 3.000 eurokoa.

Zer moduz zaude?

Hasi naiz pixka bat urduritzen, baina ondo sentitzen naiz. Entrenamenduak ondo joan dira, eta uste dut dena martxan dagoela: egur politak aurkitu ditut, eguraldia ere ez du ematen kriminal horietakoa egingo duenik... Uste dut dena ondo doala.

Lesiorik ez al duzu izan?

Ez, hiru hilabete eman ditut entrenatzen, eta ez dut arazorik izan. Uste dut lan oso on bat egiteko bidean noala, baina bost orduko erronka da, eta halakoetan gauza txiki bat handi bihurtzen da, eta adi ibili beharko dut. Zorte pixka bat ere beharko dut, baina printzipioz, fisikoki eta buruz prestatuta nago erronka handi honetarako.

Entrenamenduren batean egin al duzu proba osorik?

Ez, probaren %80-edo egingo nuen, hiru ordu pasako lana, baina bost orduko lanik ez dut egin. Esaten dute entrenamenduetan %80 egiten baduzu, egunean bertan falta den ehuneko %20 hori egiten dela.

Nola prestatu zara?

Aizkolaria izanik, mendian dezente ibili naiz, baina ezin da aizkora aparte utzi, eta biak uztartu ditut. Hilabetean bizpahiru atseden egun hartu ditut, eta gainontzean, egunero hiru bat orduko saioak egin ditut.

Laguntzailerik izan al duzu?

Bai, betiko kuadrilla hor izan dut. Egunean bertan, berriz, lau laguntzaile izango ditut: aizkoran, aita eta Luis Txapartegi; eta mendian, Andoni Ibarmia eta Joxe Apalantza.

Lanak nola banatu dituzu?

Aurreneko hogei kanaerdikoak 50 bat minutuan ebaki nahi nituzke, mendiko lanak hiru orduan egin, eta azken hogei kanaerdikoak ordubetean ebaki. Inkognitarik handiena azkeneko lan horretan dago, oso hustuta iristen banaiz, kalbario bat izan daitekeelako.

Bukaerako proba horrek beldurtzen al zaitu?

Bai. Hogei kanaerdiko ebaki eta hogei kilometro egin nituen duela bi urte, bi ordu eta bederatzi minutuan. Baina horrelako pasada hartzea eta berriz aizkoran hastea inoiz ez da egin.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.