Artetxeneko pasabidea ibilgailuentzat eta oinezkoentzat Aste Santu ostean zabaltzea aurreikusten du Udalak

Uztarria.eus 2019ko ots. 28a, 10:32
Errebaleko bizilagunekin eta merkatariekin bilera egin zuen Udalak orain dela egun batzuk.

Hilabete ugari dira Artetxe hotelaren paretik Artzubiako zubiaren hasierarako bidea autoentzat itxita dagoela. Udalak pasabidea Aste Santu osteko asteetan zabaltzea aurreikusten du. Urtea bukatzerako eraikitsiko ditu erakundeak Bustinzuriko Errebaleko bi etxe, eta berriak eraikitzen hasiko da segidan. Lan horiek aurreratzean ekingo dio Goikokale bukaeratik Bustinzuriko Errebalaren amaierara arteko urbanizazio lanei.

Azpeitiko Udaleko ordezkariek Bustinzuriko Errebaleko bizilagunekin eta merkatariekin bilera egin zuten duela egun batzuk, epe motzean kale horretan izango diren aldaketez eta obrez hainbat azalpen emateko. Izan ere, Artetxe hotela zen eraikinaren aurreko pasabidea aurki zabalduko dute oinezkoentzat eta autoentzat. Gainera, Udalak bi etxe eraitsiko ditu Errebalean, berriak eraikitzeko, eta kalean urbanizazio lanak ere egingo ditu erakundeak. Lan horiek guztiak, baina, "koordinatuta" egingo dituztela azaldu du Aitor Bereziartua zinegotziak, lanek "bata bestearen atzetik" egitea eskatzen dutelako.

Hilabete ugari dira Artetxe hotelaren paretik Artzubiako zubiaren hasierarako bidea autoentzat itxita dagoela. Gainera, hainbatetan itxi dute pasabide hori oinezkoentzat ere, Alberdieneako etxebizitzen eraikuntza lanak direla eta. Bereziartuak adierazi duenez, baina, Aste Santuaren eta Pazko Astearen osteko egunetan edo asteetan zabalduko dute bide hori bai ibilgailuentzat, bai oinezkoentzat. "Obren epeak eman dituzte dagoeneko, eta pasabidea orduan zabaltzea aurreikusten dugu".

Lan horiek bukatutakoan, 2019. urtearen bukaera aldean, aurreikusten du Udalak Bustinzuriko Errebalean erosi zuen etxea botatzeko lanekin hastea; hain zuzen ere, Arrona taberna zenaren eraikina da eraitsiko dutena, baita aldameneko etxea ere –Pikua taberna kokatuta dagoen eraikina da, baina ez da Udalarena–. Eraikin horiek botata hasiko da Udala etxebizitza bloke berria eraikintzen; udal sustapeneko lau etxebizitza egokituko dituzte bertan.

Lan horiek egin ostean hasiko da Udala Goikokale bukaeratik Bustinzuriko Errebalaren amaierara arteko urbanizazio lanak egiten. Izan ere, Bereziartuak azaldu duenez, Perez Arregi plazatik Goikokalera arte berrituta dago Alde Zaharra, eta Olazko Andre Mariaren plazatxoaren parea eta Bustinzuriko Errebala dira lanok egiteko falta diren guneak. "Leku erakargarri bihurtu nahi dugu, bai bizilagunentzat, baita merkatarientzat ere".

Bereziartuak azaldu duenez, azken hilabeteetan Errebaleko bizilagunek nahiz merkatariek egindako eskaerez hitz egiteko tartea ere hartu zuten bileran; izan ere, aparkalekuei, negozio berriei, merkatarien egoerari eta etxaurreen txukuntze lanei buruzko hainbat eskaera jaso du Udalak. Zinegotziak adierazi du, proiektuak aurrera doazen heinean, bizilagunekin eta merkatariekin bilera gehiago ere egingo dituztela.