Karnabalak 2019

Karnabaletan murgiltzeko prest dira herriko ikasleak ere

Iazko euskal inauterien jaialdiko irudia.

Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraiko eta Iraurgi Ikastetxeko ikasleek eskoletan egingo dituzte mozorro festak. Karmelo Etxegarai Ikastolako LH 6ko ikasleak San Martin egoitzara joango dira arratsaldean. Azpeitiko Ikastola Ikasberriko ikasleek euskal inauterien kalejira egingo dute, 18:30ean Olazko Andre Mariaren plazatik abiatuta. Kalejira egingo dute Alde Zaharrean, eta ekitaldia plazan bukatuko dute.

Herriko ikastetxeetako ikasleak izango dira Azpeitiko karnabaletan murgiltzen aurrenak; izan ere, gaur, ostirala, egingo dituzte inauterien bueltako ospakizunak. Iraurgi Ikastetxeko eta Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraiko ikasleek eta irakasleek ikastetxeetan nahiz San Martin egoitzan egingo dituzte ekitaldiak; Azpeitiko Ikastola Ikasberriko kideek, berriz, euskal inauterien jaialdia eskainiko dute kalez kale, ohiko moduan.

Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarain goizean nahiz arratsaldean izango dute jai giroa; izan ere, 11:30ak aldean emango diote karnabal festari hasiera Haur Hezkuntzako 2. mailako ikasleek. Haur Hezkuntzako gainerako mailetako nahiz Lehen Hezkuntzako ikasleek, berriz, 15:30ean hasiko dira ospakizunekin. Euskal Herria kaleko eraikinean egingo dute mozorro festak HHko umeek; hain zuzen ere, mozorro desfilea, dantzak, zezena eta buruhandiak izango dituzte arratsalde partean. Gainera, Lehen Hezkuntzako 5. mailako ikasleek, kalderero jantzita, bisita egingo diete ikastolako txikienei. Lehen Hezkuntzako ikasleek Perdillegi kaleko eraikinean egingo dituzte ekintzak; besteak beste, mozorro desfileaz eta karaokeaz gozatu ahal izango dute horiek. Ikastetxetik kanpora ere aterako dira ikasleetako batzuk: Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleak San Martin egoitzara joango dira 16:00 aldean, egoiliarrak inauteri abestiekin girotzera. Jaiari bukaera emateko, txokolate beroa dastatu ahal izango dute ikasle guztiek.

Iraurgi Ikastetxean ere ospatuko dituzte gaur karnabalak. Haur Hezkuntzako ikasleak mozorrotuta joango dira goizean ikastetxera, eta 15:45ean, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasleek hainbat dantza egingo dute Betharrametako jolastokian, mozorrotuta. Iraurgi Ikastetxeko kideek azaldu dutenez, irakasleek ere koreografia bat prestatu dute.

Euskal inauteriak, kalera

Urtero legez, Azpeitiko Ikastola Ikasberriko Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, DBHko nahiz Batxilergoko ikasleek euskal inauterien kalejira eskainiko dute gaur arratsaldean. 18:30ean hasiko dute emanaldia Olazko Andre Mariaren plazan, eta handik abiatuta, kalejira egingo dute Alde Zaharrean barrena –plaza, Elizkale, parrokia ataria, Perez Arregi plazatxoa, Erdikalea, Plaza Txikia eta plaza–. Joariak, zanpantzarrak, bolantak, mamoxarroak, kotilungorriak, txatxoak eta zanpantzarrak ibiliko dira kalejiran, eta hainbat dantza egingo dute, hala nola sorgin dantza, azeri dantza eta biribilketa. Ibilbidea plazan bukatuko dute 19:30 aldean, hainbat dantza eskainita.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide