Karnabalak 2019

Karnabalak iragarriko dituzte bihar kaldereroek

Uztarria.eus 2019ko ots. 22a, 12:21
Iazko kaldereroetako irudi bat.

Kaldereroen konpartsa 19:00etan aterako da Arana kaletik, eta Udal Musika Bandak eta Juan Antxieta musika eskolako kideek lagunduta egingo du ibilbidea, Alde Zaharrean barrena. Ekitaldia plazan bukatuko da. Trapu Zaharrak eta Kalderero martxa abestuko dituzte ibilbidean zehar.

Karnabal giroan murgiltzen hasteko aukera izango dute bihar, zapatua, herritarrek. Izan ere, kaldereroek urteroko bisita egingo dute bihar arratsaldean herrian. Azken urteetan indarra hartzen ari da kaldereroen kalejira; gero eta gehiago dira zartaginak astintzera mozorrotuta ateratzen diren herritarrak –honako lotura honetan irakur daiteke iaz Urola Kostako Hitzak kaldereroetan ateratzen den kuadrilla batekin osatutako erreportajea–.

Bihar ere heldu nahiz haur, hainbat herritar aterako da kaldereroen konpartsarekin. 19:00etan elkartuko dira Arana kalean, eta Udal Musika Bandak eta Juan Antxieta musika eskolako kideek lagunduta, ohiko ibilbidea egingo dute Alde Zaharrean barrena. Bustinzuriko Errebaletik, plazatik, Enparan kaletik, Erdikaletik, Elizkaletik nahiz Donejakue kaletik igaro ostean, plazan bukatuko dute kaldereroek kalejira; Trapu Zaharrak eta Kalderero martxa abestuko dituzte Alde Zaharreko hainbat txokotan.

Mikel Ibarzabal Festa batzordeburuak azaldu duenez, gero eta herritar gehiagok parte hartzen du kaldereroen konpartsan, eta kalejiran aterako diren herritarrei eskatu die bandaren eta musika eskolako ikasleen aurretik eta atzetik osatzeko taldeak, musikariak kalejiraren erdian egin dezaten ibilbidea. Gainera, antolakuntzan ariko diren kideen argibideei kasu egiteko eskatu du zinegotziak.