Sansebastianak 2019

Umeen danborrada, festan blaituta

Uztarria.eus 2019ko urt. 20a, 15:45
Umeen danborrada plazan, euri erauntsia hasi baino lehen.

Prozesiorik ez da egin gaur, baina umeen danborrada bai, hutsik egin gabe. Euritan baina festarako gogoz ibili dira herriko ikasle gazteak kalez kale. Dioni eta Iñigo Perez anaiek omenaldi hunkigarria jaso dute udaletxean.

Helduen bezperako zorterik ez dute izan Azpeitiko haurrek gaur eguerdian. Hala ere, eguraldi txarrari aurre eginez, ibilbide osoa bete dute, baita blaitu ederra hartu ere. San Sebastian eguneko umeen danborrada hastear zela, eguzki izpiek argitu dute herria une batez, baina ez dira izan zetorrenaren seinale. Ibilbidean zehar, eta ohikoa baino zertxo bat laburragoa izan den plazako egonaldian bereziki, zaparrada mardulak bota ditu. Ez dira kikildu danborradako hamar taldeetan desfilatu duten umeak, ezta haien festa ikustera kalera atera diren ehundaka herritarrak ere.

Lagun Onak futbol taldearen 75. urteurrenari eskainitako karrozak itxi du eguerdiko danborradaren martxa. Nekane Azpiazuk egindako karrozak gorabeheraren bat edo beste izan du ibilbideko zenbait kantoitan, baina onik iritsi da plazaraino. Hura iritsitakoan hasi dira umeak San Sebastian Martxa jotzen, eta horrekin batera etorri da eguerdiko zaparradarik mardulena ere. Bien bitartean, udaletxean, beraiek bezain hunkituta zeuden etxekoz eta lagunez inguratuta jaso dute Udalaren omenaldia Dioni eta Iñigo Perez anaiek, parrokiako naximentuaren arduradunek.

Geratzen dena

San Sebastian egunari geratzen zaizkion orduetan izango da oraindik festa ekitaldiez gozatzeko aukerarik. Hauek dira gauerdia bitarteko hitzorduak:

  • 16:00. Sokamuturraren kontrako ellkarretaratzea, Azoka Plazaren aurrean
  • 16:00-20:00. Haur parkea, Olazko Andre Mariaren plazan.
  • 16:30. Sokamuturra, kaleetan.
  • 23:15. Danborrada. Irrintzi, Txalintxo, Arauntza, Sanjuandegi, Izarraitz Txoko eta Zokoa dira parte hartuko duten taldeak.
  • 00:00. Bandera jaitsiera, Udal Musika Bandak lagunduta.