Sansebastianak 2019

Naximentuaren atzeko ezinbesteko piezak

Uztarria.eus 2019ko urt. 18a, 13:25
Dioni eta IƱigo Perez anaiak.

Dioni eta Iñigo Perez anaiek 50 eta 42 urte daramatzate parrokiako jaiotza muntatzen eta desmuntatzen. Udalaren aitortza jasoko dute etzi, San Sebastian eguneko umeen danborrada plazara iristen denean.

Nor ez da joan Gabon sasoian parrokiara Periko Moxala ikustera? Eta nor ez da gelditu aho zabalik naximentua ikusita? Herritarrak, eta batez ere umeak, liluratuta uzten dituen jaiotza muntatzen urte ugari daramatzate Dioni eta Iñigo Perez anaiek, eta horiek udalaren aitortza jasoko dute etzi, umeen danborradan, egindako lanagatik.  

Historia luzea du Soreasuko Sebastian Donearen parrokiako jaiotzak; izan ere, jasota dagoenez, 1894. urtean jarri zuten ikusgai aurrenekoz. Gaztetxoak zirela hasi ziren naximentua muntatzen Perez anaiak: orain dela 50 urte hasi zen Dioni, eta duela 42 urte Iñigo. "69an idatzi bat kaleratu zuen Jose de Artetxe zenak, jaiotza desagertu egingo zela esanez. Gure gurasoek irakurri egin zuten testu hura, eta hala esan ziguten: 'Zuek, parrokiara naximentua muntatzera'", azaldu du Dionik. Bera parrokiara azaltzerako, beste lagun batzuk ere hara joanak zirela oroitzen du: "Haiekin elkartu, eta dezenteko taldetxoa osatu genuen sei-zazpi lagunek".

Urteen joan-etorriarekin, taldetxo hartako kideak ardurak uzten joan ziren, eta pereztarrek diotenez, urte batzuetan bi anaiak bakarrik geldituko ote ziren beldurrez ere ibili ziren. "Gerora, poliki-poliki, berriz ere taldea osatu genuen, eta gaur egun zortzi-hamar lagun aritzen gara zeregin horretan".

Pereztarrei «saltsa» gustatu egiten zaiela adierazi dute anaia biek, eta Mila arreba ere jaiotzaz arduratzen den taldeko kide dela esan dute. "Desmuntatzeko laguntza behar nuela-eta etorri zen Mila behin, eta hark gero beste lagun bat ekarri zuen, eta gero beste bat...". Pereztarrek argi dute: ez dute nahi naximentuaren ohitura galtzerik.

Badu lanik

Gaur egun, parrokiako koruaren azpian jartzen dute naximentua, baina beste hainbat lekutan ere izan da historian zehar; San Frantzisko kaperan aurrena, eta Bakardadearenean, gero. "Jaiotza Bakardadearen kaperan izaten zenean, lantegi handia izaten genuen". Izan ere, egurrezko astoak eraman behar izaten zituzten korutik hara. "Bakardadeko kaperako korutik sokarekin jaitsitakoa naiz", azaldu du Iñigok.

Dioni arduratzen da, batez ere, jaiotzaren atzeko kontuez; izan ere, parrokiako jaiotzak, zaharra izanagatik, mugimendua du. Jaiotzaren argindar sistema orain dela urte dezente ezarri zuten pereztarrek, baina uraren sistema orain dela 125 urtekoa dela azaldu du Dionik. «Periko Moxala ere urari esker mugitzen da», adierazi du Iñigok. "Motor txiki batekin jarri nahi izan zuten, baina... esan nien nirekin ez kontatzeko hori egiten bazuten», gaineratu du Dionik, haren arabera, horixe delako "Azpeitiko naximentuaren historia eta xarma".

Naximentuko piezez eta irudiez ere beraiek arduratzen dira, eta beti "zerbait berritzen" saiatzen direla aitortu dute. "Jendeak betiko irudiei begiratzen die, baina beste gauza ugari izaten da ikusteko. Aurten, adibidez, muntaketa lanetan oraintsu hasi den kide batek etxe bat egin du, eta inor gutxi ohartu da horretaz". Familian naximentuekiko duten zaletasunaren adierazle, bidaietatik-eta piezak ekartzen dizkietela azaldu dute. "Ilobak Napolesetik (Italia) irudi bat ekarri zigun, arrebak beste bat Madrildik... Piezak kokatzen hastean, inoiz ez dugula bukatuko pentsatu izan dugu askotan".

Badakite herritarrentzat zeinen garrantzitsua den jaiotza, eta Dionik azaldu du etengabea izaten dela jendearen joan-etorria. "Ederra da jendeak disfrutatu egiten duela ikustea; haurrek eta Gabonak pasatzera Azpeitira itzuli diren herritarrek, esaterako", adierazi du Iñigok. Hark dioenez, hala galdetu zion behin herritar batek: "Zuek zenbat kobratzen duzue lan hori egiteagatik?". Eta Iñigok zera erantzun zion: "Jaiotza ikustera etortzen diren ume horien guztien irribarrearekin ondo ordainduta dago gure lana".

Jaiotzaren muntaketak azaro hasieran hasten dituzte, eta sansebastianetarako desmuntatzen dute. "Bakardadearen kaperan izaten zenean, lasaiago hartzen genuen; Aste Santuak ere jotzen zigun dena kentzerako. Baina orain San Sebastian jaietarako egokitu behar izaten dugu eliza".

Omenaldiarekin "gustura"

Perez anaiak "gustura" daude udalak egingo dien aitortzarekin, nahiz eta «beti ezkutuan» ibiltzea nahiago izan dutela dioten barre artean. "Bromak aparte lagata, benetan asko pozten gara. Kalean ere esan digu jendeak merezi dugula, eta beno... eskerrak eman beharrean gaude". Sansebastian zaleak dira bi anaiak, eta batez ere, haurren danborrada dute gustuko.Gustura egoteko moduan dira bi anaiak, beraz; izan ere, San Sebastian eguneko haurren danborradan jasoko dute udalaren eta herritarren aitortza udaletxean.

Naximentuan ikus daitezkeen Periko Moxalaren, Zerreriko Kontxexiren, Kalerenekueren eta zerreroaren irudiak aski ezagunak dira herritarrentzat, baina askok ez zekiten zein ziren naximentuaren atzean ezkutatzen ziren ezinbesteko piezak, ehunka pieza urtero-urtero txukun eta apain jartzeaz arduratzen diren herritar horiek.