Saninazioak 2018

Gaur da Marea Arroxaren herri bazkarirako txartelak erosteko azken eguna

Uztarria.eus 2018ko uzt. 26a, 13:28

2017ko herri bazkariko irudia.

Marea Arroxak 17:00etatik 20:00etara jarriko du mahaia sanagustinpean, eta bertan egongo dira salgai bazkarirako txartelak zein kamiseta arroxak. Hitzordu hori ez ezik, eraso sexisten kontrako protokoloa azaltzeko batzarra deitu du festa herrikoien aldeko batzordeak gaur arratsalderako. 

Gaur itxiko da Marea Arroxak antolatutako herri bazkarirako txartelak erosteko epea. Festa herrikoien aldeko batzordeko kideek 17:00etatik 20:00etara jarriko dute postua sanagustinpean, eta bertan egongo dira txartelak zein kamiseta arroxak salgai. 

Bazkarirako txartela 8 euro ordaindu beharko da. Marea Arroxak jaietako kamisetetarako epe luzerako diseinua kaleratu zuen iaz, berrerabilpena sustatu asmoz. Hori dela eta, bazkarirako txartelez gain kamiseta arroxa nahi dutenek, 12 euro ordaindu beharko dute. Kamiseta soilik nahi dutenek, aldiz, 8 euro. 

Eraso sexisten kontrako protokoloa

Hilaren 30eko herri bazkarirako txartelak saldu ez ezik, karpagunean erasorik jazotzekotan hartu beharreko neurrien eta jarreren inguruko xehetasunak azalduko dituzte Marea Arroxako kideek gaur arratsaldean. Batzordeko kideek esan dute "garrantzitsua" dela karpan txandaren bat egin behar duten lagunak batzarrera gerturatzea. Emakumeen Txokoan izango da, 17:30ean hasita.