Urrestillako Festa Batzordeko kideok Ramon Etxezarretari erantzunez

Uztarria.eus 2018ko uzt. 10a, 11:26

Urrestillako Festa Batzordeak oharra kaleratu du, Ramon Etxezarretak Diario Vasco egunkariko testu batean eta Uztarriaren 207. zenbakiko kolaborazioan esanei erantzunez.

Honako hau da Urrestillako Festa Batzordeak osatutako eta XJ Auzolaneanek, Haujijijai Batzordeak, Azpeitiko Gaztetxeak eta Basanderiek talde feministak atxikimendua agertu dioten testua:

"Festak pasatuta, Ramon Etxezarreta herrikideak Diario Vasco egunkarian argitaraturiko A Manadas zutabea eta Uztarria herri aldizkariko 207. zenbakian argitaraturiko Manadak, saldoak artikulua direla eta, geure burua hainbat balorazio eta hausnarketa egin beharrean ikusi dugu. Testu hau horren emaitza da.

Hasteko, Urrestillako Festa Batzordeko kideok hainbat hausnarketa eta eztabaida emateko beharra dugula ikusarazi digu festetan jazo den gertaera horrek. Orain arte, kudeaketa hutsera bideratu den eragile bat izan da gurea, festen formari eta egitarauaren oparotasunari erreparatu diona batik bat, festetan plazaratzen genuen edukiari garrantzia handirik eman gabe jardun duena. Gertaerok erakutsi digute gure herriko festa eremua ez dela jendartetik kanpo dagoen festa eremu bat, ez dela festa eremu neutro bat, eta, ondorioz, erabaki batzuk hartu beharrean gaudela. Festa hauetan sentitu dugun baliabide faltak hausnarketa sakon bat egitera garamatza, aurtengoan hartu ditugun norbanako erabakien ordez, guztion artean eztabaidatuko ditugun erabaki kolektiboak adostea ekarriko duten hausnarketetara.

Alde batetik, zure testuetan darabiltzazun konparazioen onartezintasuna azpimarratu nahi dugu, Ramon. Ez dugu onartuko gure jardunak Europan azken mendeetan izan ditugun "kataklismo kriminalen bezperetako jokamoldeak" direla esatea; ez dugu onartuko gure jarduna holokaustoarekin konparatzea; ez dugu onartuko, gure jardunaren bidez, sexu eraso bat ez salatzea bultzatzen dugunik egoztea; eta, azkenik, ez dugu onartuko gure jarduna guztiok ezagutzen dugun Manada izeneko boskote nazkagarriarekin alderatzea.

Bestetik, testuetan zehar jorratu duzuna baldintzatzen ez badu ere, ohar bat eman beharrean gaude. Ondo egiten duzu testuaren hasieran omen partikula erabiltzearekin, ez baitzabiltza erabat zuzen zure jardunean eta hainbat kasu nahasten baitituzu. Informazio ona omen testu onen oinarri. Hala ere, esan beharra dugu, zuri beste hainbat gauzak sortzen dizuten asaldura, guri zure testuetan justizia formalari egiten diozun apologiak eta ematen diozun zilegitasunak sortzen digula. Zuretzat, justizia formalaren bidez kondenatu ez denak, zilegitasuna du kalean nahieran ibiltzeko. "Me niego a aceptar que la justicia es una utopía, un imposible", diozu; zoritxarrez edo zorionez, ordea, justiziak ez dio zure pentsamenduei edo onarpenei erantzuten, ez dio zuk onarekiko edo txarrarekiko dituzun kontzepzioei erantzuten. Ondotxo dakigu justizia formalaren atzean gure eskuetatik alde egiten duen zerbait dagoela. Guk, elkartasunezko eta askea izango den jai eremu bat egiten dihardugunok, zuk justiziarekiko duzun ulerkerarekin ez dugu bat egiten, eta jai eremu aske eta parekidea izan dezagun beharrezkoak diren neurriak hartuko ditugu. Festen lehen egunean egin genuen elkarretaratzean eta festetan zehar zintzilikatuta egon diren aldarrietan berresten gara, eta ozen diogu ez dugula ez erasorik ezta erasotzailerik onartzen ez gure jaietan, ez inon!

Azkenik, Ramon, gogorarazi nahi genizuke, ondotxo dakizula nor garen eta non gauden, non biltzen garen, zein etxetakoak garen eta noren seme-alabak, ilobak edota bilobak garen. Beraz, eskertuko genizuke, komunikabideetan gure izena zikindu ordez, gugana etorri eta eztabaidatzea".