Manadak, saldoak

Erabiltzailearen aurpegia Ramon Etxezarreta | Iritzia | Artikulua
2018-07-10 09:19

Manada izeneko gizataldekoek ezarri zaien zigorra, behin betiko epaiaren zain, baldintzapeko askatasunean betetzeko aukera izango dute. Arrazoi osoz, desosegua eta haserrea dira nagusi gure artean, arrazoimena lausotu eta lainotuz haren kikarak erretzeraino. Ez dago erraza funtsak argi eta bere lekuan edukitzea.

Lehen espetxealdia eta orain baldintzapeko askatasunaren ebazpenean erabakigarri izan den andre epailearen fede onean sinesten saiatu arren, izango zituen horretarako argudiorik eta atxiki ezin diodan zuzentasuna ere. Baina ezin. Ezin delako nire inguruetako zenbait girotan zalantzarik izan, eta ezin delako giro espezializatuetan iritzi bakar eta garbirik ikusi. Denetarakoak daude.

Adiskide penalista batek aurrez esaten zidan erabaki zuzen eta ohikoenak baldintzapeko askatasuna beharko lukeela. Magistraturatik bertatik ateratzen dira ahots koalifikatu askoak disparatea dela esanaz. Nahi dut nik sinetsi fede onean baina zail da sistema den puzzle horretan pieza guztiak egokitzea.

Hemen gabiltza guztiok bakoitza bere fobia, amorrazio eta berotasun eta berokeriak aireratzen, ezberdin ari zaigunari arrazoia ukatzen. Eta ez dakit. Geureganatu dugun sexukeriei, abusuei eta erasoei buruzko arbuioa sendotzea on bada, eta emakumeen duintasuna bere osotasunean bermatzea ezinbesteko, zalantzak ditut zenbait jokaerari egiten ari garen lekuak ez ote digun luzerako kaltea ekarriko.

Jaietan gertatu omen

Gure inguruetako jaietan gertatu omen. Ez oso aspaldi sexu erasoaren salaketa baten jomuga izan zen mutil bati, epaitegian biderik izan ez zuen salaketa jaso zuenari, gertatua omen. Herriko plazako txosnan edaria ukatu diote handik aldegitea exijituz, argiak piztuz eta oholtzako musika taldearen kontzertua isiltasunez etenez. Jarraian gauza bera egin omen diote herriko taberna batean, mutilak herritik aldegin duen arte.

Horrelako jokabiderik ere ezin dugu onartu. Aurrez aurre, pertsonaz pertsona, pentsatzen duena esateko balorerik ez duen pertsona taldeak, besteen arteko saldoan gordez, ezkutatuz, isilean eta multzoan jazarpena egiten duen jendea, ez da ezer konpondu eta bideratzeko gai, horrelako jarrerek ekarri ditzaketen ondorioak neurtzeko gai. Besteri emandako minean dute beren plazerra.

Ezin ahaztu Europan azken mendeetan izan ditugun kataklismo kriminalen bezpera luzeetako jokamoldeak direla horiek, haiek ere arrazoi zutela uste izateak bultzatzen zituztela horretarako zilegitasuna bazutela pentsatzera.

Hauek, eta emakumeei sexu erasoak salatzerik merezi ez duen ustea hedatzen ari den iritzi korronteak nahastuz, ezin da sexuzko bortxaren arazo kriminal hau ez konpondu eta ez aurreikuspen neurririk hartu.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa