Artxibatu egin dute Idiazabalen eta Elgoibarren arteko partidako epailearen aurkako salaketa

Uztarria.eus 2018ko mar. 15a, 16:01

Joan zen otsailaren 17an jokatu zuten bi taldeek norgehiagoka, eta partidaren ostean bi taldeek salatu zuten epaile hark ez ziela euskaraz hitz egiten utzi jokalariei eta entrenatzaileei, eta hala hitz egiten bazuten kanporatu egingo zituela mehatxu egin ziela. Omar Aizpuru (Azpeitia, 1989) Elgoibarko entrenatzailea da, eta hark partida haren ondoren Uztarria.eus-i azaldu zion Gipuzkoako federazioa "gogor" portatzea espero zuela. Futbol Federazioko Lehiaketa Batzordearen arabera, ez dago "zantzu nahikorik" Sarrion epailea zigortzeko.

Gipuzkoako Futbol Federazioko Lehiaketa Batzordeak artxibatu egin du Idiazabal eta Elgoibar futbol taldeek Manuel Sarrion epailearen aurka jarritako salaketa. Joan zen otsailaren 17an jokatu zuten bi taldeek norgehiagoka, eta partidaren ostean bi taldeek salatu zuten epaile hark ez ziela euskaraz hitz egiten utzi jokalariei eta entrenatzaileei, eta hala hitz egiten bazuten kanporatu egingo zituela mehatxu egin ziela.

Omar Aizpuru (Azpeitia, 1989) da Elgoibarko entrenatzailea, eta hark honako mezu hau jarri zuen partidaren ostean Twitterren: "Nire haserrea erakutsi nahi dut, gaur Preferente Mailan Idiazabal-Elgoibarren partiduan epaile andaluziar batek, euskaraz hitz egitea kaleratze batekin zigortuko duela esan digulako". Harekin hitz egin zuen igande hartan bertan Uztarria.eus-ek, eta hark azaldu zuen "Gipuzkoako federazioa zorrotz portatzea espero" zuela.

Epaileak, baina, hasieratik ukatu zuen hori horrela gertatu izana, eta esan zuen berari gaztelaniaz hitz egiteko soilik eskatu ziela jokalariei eta entrenatzaileei, euskaraz ez zekielako. Partida hartan gertatutakoak zalaparta sortu zuen bai futbol munduan, bai handik kanpo ere. Bi futbol taldeek ez ezik, Gipuzkoako Futbol Federazioak ere gaitzetsi zuen gertatutakoa. Hain zuzen ere, "onartezintzat" jo zuen gertakaria, eta ikerketa abiatu zuen. Izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak azalpenak eskatu zizkion, bi aldeen bertsioak ezberdinak zirelako. Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaritzak, gainera, babesa eskaini zien Elgoibar eta Idiazabal klubei eta jokalariei, eta jardunbide horrek "ondorioak" izatea eskatu zien gaiaz erabakitzeko ardura zuten erakundeei.

Lehiaketa Batzordeak aste hauetan egin du ikerketa, eta erabaki du salaketa artxibatzea, epailea zigortzeko "zantzu nahikorik" ez dagoela iritzita. Gipuzkoako Futbol Federazioko Epaileen Batzorde Teknikoko presidente Emilio Navasen babesa izan du Sarrion epaileak, eta ikerketa egin bitartean ere epaile lanetan segitu du Sarrionek.