Omar Aizpuru: "Arbitroek gehienetan erdaraz hitz egiten dute, baina inoiz ez zaigu horrelakorik gertatu"

Uztarria.eus 2018ko ots. 18a, 13:18
Omar Aizpuru. (Ikasberri KE)

Jokalariek euskaraz ez hitz egiteko agindua eman zuen atzo Idiazabal-Elgoibar Erregional Preferente ligako futbol partidaren epaileak, berak ez zuela-eta hizkuntza ulertzen. Elgoibarko taldearen entrenatzailea da azpeitiarra.

"Nire haserrea erakutsi nahi dut, gaur Preferente mailan Idiazabal-Elgoibarren partiduan epaile andaluziar batek, euskaraz hitz egitea kaleratze batekin zigortuko duela esan digulako". Mezu hori idatzi zuen Twitter sare sozialean atzo iluntzean Omar Aizpuruk (Azpeitia, 1989), eta horrela jakin zen Idiazabalgo futbol zelaian gertatutakoa.

Manuel Sarrion Gonzalez da Idiazabal-Elgoibar partidaren epailea. Andaluziako epaileen batzordekoa eta Euskal Herrira etorri berria, "lanagatik edo. Berak hala esan zion delegatuari", adierazi du Aizpuruk. Hain zuzen ere, partida hasi baino 45 bat minutu lehenago taldeetako ordezkariek arautegiaren kontuak argitzeko epaileekin izaten duten ohiko bileran iritsi zen epailearen debekua eta mehatxua. "Euskaraz ez egiteko, berak ez zuela ulertzen eta".

Bi taldeetako delegatuek azalpenak eskatu zizkioten arren, bere horretan eutsi zion esandakoari Sarrionek. Elgoibarko delegatuak hark esandakoa azaldu zien taldekideei aldagelan. Jokalariek eta entrenatzaileek mezua nola hartu zuten galdetuta, "momentuan, ez genion garrantzia handirik eman nahi izan" dio Aizpuruk. Azaldu du atzokoa "partida garrantzitsua" zela beraientzat: "Igoera postuetan gaude. Jokalari batzuk kexatu ziren, badakigu ezin digula hori galarazi, baina...". Horrela, aurrera egin eta partida jokatzea erabaki zuten, "euskara galaraztea normala ez" zela jabetuta, baina "buelta gehiago ez ematea" pentsatuta eta beren lana egiteko prest.

Bukaeran, ordea, bi taldeetako ordezkariek hitz egin eta erabaki zuten gertatutakoa salatzeko eta neurriak hartzea eskatzeko idatzi bat igortzea, bai Gipuzkoako Futbol Federaziora, bai epaileen batzordera. "Gipuzkoako federazioa zorrotz portatzea espero dut", dio Elgoibarren entrenatzaileak

Jokalariak eta taldeetako gainerako kideak ez ezik, Idiazabalgo futbol zelaian zeuden ikusleak ere "harrituta" zeudela dio Aizpuruk, "jokalariak erdaraz ari zirelako". Neurketa jokatzen ari zela epailearen jarreraren berria zabaltzen joan zen ikusleen artean. "Atsedenaldian, aldageletarako bidean, euskara entzuterik nahi ez bazuen alde egiteko esan zion adineko ikusle batek epaileari", kontatu du azpeitiarrak.

"Zoritxarrez, arbitroek gehienetan erdaraz hitz egiten dute eta ohituta gaude horretara, baina inoiz ez zaigu horrelakorik gertatu", azaldu du Aizpuruk. Gertatutakoaren "larritasuna" argi daukan arren, harrituta ere badago gertatutakoak ordu gutxiren buruan komunikabideetan eta sare sozialetan izan duen oihartzunarekin. "Ez genuen berehalakoan espero", dio.