Carlos de Cos soraluzetarrak irabazi du Mendiko eta Udazkeneko Argazki Rallya

Uztarria.eus 2017ko aza. 26a, 13:34
Udazkeneko argazki rallyko sari banaketako irudia. (AAE)

Bigarren Imanol Manterola sailkatu da, eta Julian Ruiz hirugarren. Lehen azpeitiarraren saria Igor Froilanentzat izan da. Gaztetxoen mailan Irati Etxeberria nagusitu da. Joan zen urriaren 30ean egin zuten Mendiko XXII. eta Udazkeneko XXVIII. rallya, eta 37 helduk eta 11 gaztetxok parte hartu zuten lehian. Atzo egin zuten sari banaketa ekitaldia.

Carlos de Cos soraluzetar argazkilariak irabazi du Mendiko XXII. eta Udazkeneko XXVIII. Argazki Rallya. Joan zen urriaren 30ean egin zuten Azpeitiko Argazki Elkarteak eta Lagun Onak MBk antolatutako rallya, eta 37 helduk eta 11 gaztetxok parte hartu zuten bertan.

Atzo banatu zituzten lehiaketako sariak, eta de Cosek jaso zituen irabazleari dagozkion 180 euroak eta garaikurra. Bigarren sailkatua Imanol Manterola zumaiarra da, eta hark 150 euro eta garaikurra eskuratu zituen. Hirugarren, berriz, Julian Ruiz azkoitiarrak egin du, eta 120 euro eta garaikurra irabazi ditu. Lehen azpeitiarraren saria Igor Froilanentzat izan da, eta 90 euro eta garaikurra jaso zituen atzo. Argazki onenaren saria ere Julian Ruizek jaso zuen.

16 urtetik beherakoen rallya Irati Etxeberriak irabazi du, eta 30 euroko txartela eta garaikurra eskuratu zituen. Bigarren Maider Vitorica sailkatu zen, eta hark 20 euroko opari txartela eta garaikurra irabazi zituen. Hirugarren, berriz, Enaitz Zubizarretak egin zuen rallyan, eta 15 euroko txarrela eta garaikurra jaso zituen atzoko sari banaketa ekitaldian.

Mendiko eta Udazkeneko argazki rallyko emaitzak puntuagarriak dira Herriz Herri rallyen sailkapen orokorrerako.