Mendiko eta Udazkeneko argazki rallya, Urrestillan zehar

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Argazki Elkartea 2017ko aza. 6a, 13:11

Iaz bezala, euria izan zen protagonistetako bat Mendiko XXII. eta Udazkeneko XXVIII. argazki rallyan. Atzo, igandea, izan zen aurtengo edizioa, eta eguraldi kaxkarra eginagatik ere, talde polita gerturatu zen rallyan parte hartzera, 37 heldu eta 11 gaztetxo, hain zuzen, guztiak euriari eta haizeari aurre egiteko ongi prestatuta. Jadanik ohitura den bezala, herri ezberdinetako jendea hurbildu zen Azpeitira, Azpeitiko Argazki Elkarteak eta Lagun Onak mendi bazkunak antolatutako ekintzan parte hartzera.

Aurten, antolatzaileek Urrestillan prestatu zuen rallyko zirkuitua, eta honako hauek izan ziren zehaztutako gaiak: ura, egur metak, baserriko animaliak, Urrestilla (paisaia) eta baserria. Argazkiak atera ez ezik, sabelak ere berotu zituzten. Lagun Onak MBk antolatuta, parte hartzaileek haimaketako bero bat hartzeko aukera ederra izan zuten. Indarrak hartzeko eta rallyan jarraitzeko geldiune aproposa.

Azaroaren 13ra arte bidali ahal izango dira argazkiak, partaidearen izena, artxiboaren izena eta gaiaren zenbakia zehaztuta, helbide honetara: argazkiakaae@gmail.com.

Rallyko emaitzak eta sailkapena jakin ondoren, sari banaketa eta bildumen proiekzioa egingo dute azaroaren 26an, 18:30ean hasita, Lagun Onak MBren elkartean.