Adituek "ikuspuntu desberdinetatik" jorratuko dute bullyinga hilaren 24ko jardunaldietan

Uztarria.eus 2017ko aza. 8a, 10:58

UEUk eta Azpeitiko Udalak antolatutako Bullyingaren mugak gainditzen jardunaldien aurkezpena egin dute goizean Iñaki Alegria UEUko zuzendariak, Eli Moreno jardunaldien koordinatzaileak, Estitxu Elduaien Udaleko Gizarte Zerbitzuetako batzordeburuak eta Leire Goenaga Hezkuntza Zinegotziak. Hilaren 24an egingo dituzte topaketak, Sanagustin kulturgunean, eta gizartearentzat "kezka iturri" den gaia ardatz hartuta, hainbat solasaldi izango da. Alegriaren esanetan, jardunaldiaren helburua da "gaiaz ikasi, eztabaidatu, ideiak trukatu eta elkar aberastea".

Goenagak, berriz, adierazi du bullyinga ikastetxeetan eta gizartean "arazo larri" bihurtu delako jorratuko dutela. "Jardunaldiak gaia aditu desberdinekin eta ikuspuntu desberdinetatik lantzeko aukera emango digu, eta gai honen inguruan herriko ikastetxeetan egiten den lana gertutik ezagutzeko aukera ere izango da", adierazi du Hezkuntza Zinegotziak.

Topaketetan parte hartzeko www.ueu.eus helbidean eman daiteke izena.

Argazkian, ezkerretik eskubira: Leire Goenaga, Eli Moreno, Estitxu Elduaien eta Iñaki Alegria. (UEU)