'Bullyingaren mugak gainditzen' jardunaldiak egingo dituzte azaroaren 24an

Uztarria.eus 2017ko urr. 26a, 11:25

Goizetik arratsaldera bitartea egingo dituzte topaketak, Sanagustin kulturgunean. Familiek, irakasleek, gizarte-langileek hezitzaileek eta gaian interesa duen edonork har dezake parte, eta bertan parte hartzeko aurrez matrikulatzea ezinbestekoa da. Dagaoeneko zabalik dago izen-ematea.

UEUk eta Udalak Bullyingaren mugak gainditzen jardunaldiak antolatu dituzte azaroaren 24arako, familiei, irakasleei, gizarte-langileei, hezitzailee eta gaian interesa duen edonori zuzenduta. Topaketen helburuak honako hauek dira: bullyingaren eta ziberbullyingaren mugak zehaztea, horiei aurre egiteko esku-hartzeak ezagutzea, telefono mugikorren eragina aztertzea bullyinga edo ziberjazarpena gertatzen den kasuetan eta genero indarkeriaren eta bullying-ziberbullyingaren artean egon daitekeen harremana aztertzea.

Jardunaldiak Sanagustin kulturgunean egingo dituzte, 09:00etatik 17:30era bitartean. Topaketek irauten duen bitartean, hiru eratako ekintzak egingo dituzte. Hitzaldiak, galdera-erantzunetarako tartearekin; mahai-inguruak, iritzi eta kontakizunak trukatzeko aukerarekin; eta tailerrak, parte-hartzaileen intereseko arloan sakontzeko aukera eskainiko dutenak.

Izen-ematea, zabalik

Jardunaldietan parte hartzeko ezinbestekoa da aurrez izena ematea, eta dagoeneko zabaldu dute horretarako epea. UEUren webgunean egin behar da izen-ematea, azaroaren 17a baino lehen. Matrikula 20 euro ordaindu beharko dute helduek. Ikasleek, langabetuek eta erretiratuek, berriz, 15,00 euro eta UEUren bazkide direnek 15,00 euro. 

Egun horretarako prestatu duten egitaraua osorik, hemen:

09:00: Harrera eta dokumentazio-banaketa.

9:00-9:30: Hasierako ekitaldia: Eneko Etxeberria, Azpeitiko alkatea; Iñaki Alegria, UEUko zuzendaria; Eli Moreno, jardunaldiaren koordinatzailea.

9:30-10:30: Bullyinga: zer da eta zer aldagairekin erlazionatzen da? Izaskun Orue Psikologian doktorea eta Deustuko Unibertsitateko irakaslea.

10:30-11:00: Atsedenaldia.

11:00-12:00 Hiritartasun digital arduratsua eta aktiboa nola sustatu haur eta nerabeen artean ▪ Urko Fernández. PantallasAmigas ekimenaren proiektu arduraduna.

12.00-13.45 Mahai-ingurua:  Zeuk Esan (Eusko Jaurlaritzaren zerbitzua). Kepa Torrealdea, Psikologoa. Miren Isasi Familia; Maddi Imaz; Karmelo Etxegarai eskola publikoa; Ikasberri ikastola Kiva programa; Iraurgi ikastola Kristau eskola. Moderatzailea: Eli Moreno.

14:00-15:30: Bazkaltzeko tartea.

15:30-17:00 Aldibereko tailerrak: Ziberbullyinga eta genero eraikuntzak, hezkuntzan aztertu eta landu behar diren ezinbesteko erlazioak? Estibaliz Linaresen eskutik; Substantziarik gabeko menpekotasunak: zer dago mugikor baten atzean? Paula Jaureguik eskainita; Esku-hartze ekosistemikoa: gazteen bortizkeria egoerak eta bizikidetza hausturak nola kudeatu, Ana Orozcok (Gizagune) gidatuta; Bullyingari, aurrez-aurre, aurre eginez: noiz, nola eta nork zer egin? Izar Arregiren eskutik.

17:00-17:15 Ondorioak eta jardunaldiaren amaiera.