Harrera beroa jaso dute Euskal Herriko Herriartekoaren txapeldunek

Uztarria.eus 2017ko uzt. 22a, 16:19

Merezitako harrera jaso dute gaur, uztailak 22, Euskal Herriko Herriarteko Pilota Txapelketaren irabazleek. Atzo jarri zuten herrira bidean Herriartekoaren txapela Ilunpeko pilotariek, Usansolo 3-0 mendean hartu ostean, eta gaur gainerako azpeitiarrekin batera ospatu dute lorpena.

13:00etan zuten jarrita hitzordua Perez Arregi plazan, eta Udal Musika Bandaren doinuen laguntzarekin egin dute udaletxerako bidea kalejiran. Herritarren txalo artean iritsi dira plazara, eta argazki mordoxka bat atera ostean igo dira udaletxera. Han, Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak eta udal ordezkariek hartu dituzte txapeldunak. Ondoren, balkoira irten dira, plazan zueden ehunka herritarrak agurtzera. Iosu Uzkudunek hartu du hitza, eta hainbat pertsonei zein elkarteri eskerrak eman dizkie, tartean Udal Musika Bandari. Hala ere, pertsona baten ekarpena nabarmendu du Uzkudunek: Jon Ibarzabalena, bandako tronpetajolearena. Izan ere, Ibarzabalek ez du hutsik egin txapelketak iraun duen bitartean, eta txoko guztietara eraman ditu tronpetarein doinuak Ilunpeko pilotariak zein zaleak animatzeko. Herritarrek txalo zaparrada artean agurtu dituzte 2017ko Euskal Herriko Herriartekoaren txapeldunak.