Agur ametsari

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2016ko api. 20a, 14:39
Segurola eta Marcius defentsa lanetan.

Clinicas Rinconek sastakada eman dio Sammic ISBri partidako azken minutuan eta finalerdietatik kanpo utzi du 66 eta 69 irabazita.

Akabo, amaitu da denboraldia Sammic ISBrentzat. Itxaropentsu zeuden liga erregularra bigarren amaitu eta gero, baina Clinicas Rinconek argi utzi du talde gaztea izan arren, horrelako kanporaketetan esperientzia handia daukala eta behar zen momentuan, azken sastakada ematen jakin izan zuen, partida oso parekatu batean.

Partida hori sufritu gabe irabaziko zela uste zuenak argi ikusi zuen atzo (aurreko bi partidetan ikusi ez bazuen behintzat) oker zebilela. Clinicas Rincon dena ematera irten zen eta Belemeneren eskutik puntuak batu eta batu hasi zen. Ez etxekoek defentsa txarra egin zutelako, Kongokoa geldiezin zebilelako baizik. Bere taldearen aurreneko 15 puntutatik 13 sartu zituen berak, zerbaitegatik izan da Zilarrezko Leb ligako final-laurdenetako MVP-a. Nagusi ziren malagarrak eta 12 eta 17koarekin Iker Buenok hutsartea eskatu behar izan zuen. Bere jokalariak esnatu beharra zeuzkan eta bazirudien lortu zuela, hein handi batean bai behintzat, bi puntu azpitik bakarrik amaitu zutelako lehen laurdena Sammic-ekoek: 16-18.

Aldaketak etorri ziren eta Pablo Arenazak bi hirukorekin aurrenekoz jarri zuen bere taldea aurretik, baina txinpartarik gabe ikusten zen taldea. Hori bai, sufritzeko prest zeudela ere erakutsi zuten eta atzean lana gogortu egin zuten. Belemene partidatik ateratzeko kapaz izan ziren, baina erasoan Marcius eta Sempleren ekarpena falta zitzaion taldeari partida apurtzen saiatzeko. Trabatua joan da partida, ezin batek apurtu, ezin besteak berdina egin. Emozioa nahi bazen, tori emozioa. Atsedenaldira 33nako berdinketa.

Gauzak ez ziren asko aldatu aldageletatik bueltan. Semple agertzen hasi zen erasoan, baina bakarregi eta bakarka jokatuz. Atzean sendo jarraitzen zuen taldeak, lana erruz eginez, baina erasoko errebote gehitxo lortu zituzten andaluziarrek. Egiari zor, Utak min handia egin zuen zona barruan. Marciusekin borroka ikusgarria izan zen, baina atzokoa errumaniarrak irabazi zuen, agian epaileek kroaziarra partidatik atera zutelako. Epaileen lana atzo oso kritikatua izan zen eta, agian, arrazoiarekin, ez baitzuten asmatu euren lanean; batzuetan etxekoen kontra eta besteetan malagarren kontra. Hirugarren laurdenaren amaieran puntu bat azpitik ziren etxekoak: 49-50.

Sufritzen jarraitzea tokatzen zen eta taldea horretarako prest agertu zen. Gainera, Gaizka Maizaren magia agertzen hasi zen, eta taldeak behar zuen txinparta eskuratuko zuela zirudien. 5 puntuz goitik ere ibili zen Sammic, baina ez zuen jakin partida apurtzen, eta horrelakoak ordaintzen amaitzen dira maiz. Atzo hori gertatu zen, estutu zuten Paco Auriolesen mutilek eta ordura arte desagertuta ibili zen De Cobosek azken sastakada eman zino etxeko taldeari hiruko marratik. Ahalegindu ziren Iker Buenoren mutilak, baina ezin. Azkenena 66 eta 69.

Pena da, amaitu da 2015-16ko ibilbidea Sammic-entzat, eta pena da aurrera egiteko aukerak bazeudela uste zelako. Baina momentuko iluntasun honek ezin ditu denboraldi historiko honetan emandako argi eta ilusio momentu guztiak ilundu. Zorionak eta eskerrik asko mutilak, egindakoa egundokoa delako!!  

Saskiratzaileak: (16-18/17-15/16-17/17-19)

SAMMIC ISB: Oroz (8), Gutierrez (4), Segurola (1), Skouen (4)Marcius (9) – Sarasola (4), Arenaza (6), Astigarraga, Maiza (14), Guridi, Semple (16).

CLINICAS RINCON: Corts (10), Belemene (20), Uta (17), Jimenez (2), Cobos (9) – Rodriguez (3)Sow, Grkovic (2), Karahodzic (9).