Hurrengora arte

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2016ko mar. 23a, 17:03

Añares Rioja ISBk etxeko bere azken partida jokatuko du gaur, asteazkena. Eta Azkoitiko kiroldegian jokatuko du, 19:00etan hasita; sarrera doan izango da. Klubak Emakumezkoen Lehen Mailako partida bat Azkoitian jokatu ahal izateko desioa beteko du, horrenbestez. Gernika izango da gure azkenaurreko aurkaria.

Sentimendu kontrajarriak prebia hau egiterako orduan. Pozik, komunikazio departamenduaren lan karga arinduko delako nolabait. Triste, emakumezkoen elitezko saskibaloiak ez duelako gure kantxa berriz zapalduko. Pozik, denboraldi gogoangarria izan delako. Triste, taldeak ezin izan digulako garaipenen bat gehiago eskaini ahal izan. Pozik, neskek aurpegia eman dutelako eta Gipuzkoa barrualdean saskibaloiak existitzen duela erakutsi dutelako. Triste, uste dugulako jendeak ez duela benetan baloratu aurrekontu 'triste' batekin egin den esfortzu andana.

Añares Rioja ISBk haize freskoa eman dio dirua barra-barra gastatzen duen liga bati. Iraurgik bere apustua aurrera eraman du guztiaren kontra ideia hau defendatuz, goraipatzeko moduko duintasunarekin, parte hartu duten taldeen %90ak publikoki adierazi duen moduan. 800 pertsonek jarraitu dituzte batez beste partidak Azpeitiko kiroldegiko harmailetatik, zale beroak eta taldea animatzeari utzi ez diotenak. Klubak ezin du harroago egon egindako kirol apustu honekin.

Oso harro gaude gure taldearekin. Onenen aurka jokatu dute eta duten guztia eman dute. Ezjakin batzuk moduan iritsi ziren eta belztuta irten dira, barruan saskibaloi mordoa dutela jakitun eta txapelketaren amaieran kanpora ateratzeko gai izan direla ikusita. Gure atzerritarrekin harro gaude, beraien portaera bikainarekin eta eskualdean barneratzeko eduki duten erraztasunarekin. Gure entrenatzaileekin eta beraien profesionaltasunarekin harro sentitzen gara, egin duten esfortzuak sekulako balioa baitauka.

Gaur, asteazkena, Gernika izango dugu bisitari. Bizkaitarrak denboraldiko ezusteetako bat izatera deituak zeuden, baina Kopatik kanpo gelditu ziren eta, miraririk ezean, seguruenik finalerdietatik kanpo geldituko dira. Joaneko partidan gogor zigortu gintuzten eta porrot gogorra jasan genuen, 97-58. Talentu askoko taldea da eta entrenatzaile on bat dauka, baina klubak amesten zuen kalitatezko pauso hori emateko ez da kapaz izan. Defentsan intentsitatea eta joko oso alaia erasoan, horiek dira gernikarren ezaugarri nagusienak.

Egun berezia izango da guztiontzat, klubean eta baita gure zaleendako ere. Klubak jasotako laguntza eskerga nolabait eskertu nahi du eta, hori dela eta, partidak ate irekiak edukiko ditu eta ez da sarrerarik kobratuko. Zuentzat guztiontzat eskertze txiki eta umil bat.

Azken esfortzu bat eskatu nahi dugu, hala ere, asteazken honetako 19:00etarako, Azkoitiko kiroldegian. Gure taldearekin egon behar dugu etxeko azken partidan, lagun diezaiegun beste garaipen bat lortzen, denboraldi historiko hau behar den moduan agurtu dezagun.

Egurre Añares!

Egurre Iraurgi!