Suhiltzaile boluntario izandakoen lana eskertu du Udalak

Uztarria.eus 2016ko mar. 16a, 17:16

Udalak Azpeitian suhiltzaile lanetan aritutako boluntarioei harrera egin zien atzo, asteartea. Eneko Etxeberria alkateak Udalaren izenean "esker ona" adierazi zien, urteetan egin duten lanarengatik. Azpeitian suhiltzaile boluntarioak 1922tik egon izan direla ekarri zuen gogora alkateak. Udal artxiboaren zati baten galerak boluntario aritu direnen zerrenda osatzerakoan sortu dizkien zailtasunak ere aipatu zituen Etxeberriak; azkenean, 52 laguneko zerrenda osatu dutela esan zuen. Horietatik 21 izan ziren atzoko ekitaldian, eta diploma bana eta Azpeitiko historia jasotzen duen liburu sorta jaso zituzten; zerrendako gainerakoei ere helaraziko dizkiete oroigarriak.

Gipuzkoako Foru Aldundiak suhiltzaile boluntarioen figura kentzea erabaki berri du, zerbitzua guztiz profesionalizatzeko. Atzo Azpeitiko Udalak bezala, otsailean Aldundiak egin zien harrera azpeitiar boluntarioei.

Orain dela bi aste, berriz, Azpeitiko parkean hogei urtetik gora suhiltzaile boluntario lanetan aritu diren Iñaki Etxezarreta eta Iñigo Iriondo elkarrizketatu zituzten Gipuzkoako Hitza-n.