Herriartekoa: Beasainen kontrako final laurdenetako joanekoa, ostiralean Frontoi Txikian

22:00etan izango da hitzordua. Itzulerako partidak Beasainen izango dira datorren asteburuan. Garrantzitsua izango da etxeko lehiatik aldeko emaitza eramatea eta, horretarako, Azpeitiko pilotazale guztien babesa eskatu nahi du Ilunpe Elkarteak.

Errenteriaren aurkako kanporaketa nagusitasunez igaro ostean, Azpeitiko eskupilota ordezkaritzak Beasain izango du aurkari Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren final laurdenetan.

Azpeitiak pronostikoak bete zituen Errenteriaren aurrean eta erraztasunez gailendu zen kadete, jubenil eta senior mailetan, guztira 5 eta 1eko emaitzarekin pasatuz aurrera.

Beasaindarrek, berriz, ezustekoa eman eta Donostia kanporatu zuten, kadete eta senior mailetan ongi gailenduz. Gauzak horrela, lehia estua espero da hiru mailetan.

Final laurdenetako joaneko partidak bihar, ostirala, izango dira Frontoi Txikian, 22:00etatik aurrera. Bertan, pilota partida bikainez gain, giro aparta ere ziurtatuta izango da. Gainera, azken kanporaketan egin moduan, Lino Aramendi Kutxillos-en eskutik urdaiazpiko eta ardo batzuk zozkatuko dira, eta Barrenetxe Harategiaren eskutik txuletak.

Itzulerako partidak Beasainen izango dira datorren asteburuan. Garrantzitsua izango da etxeko lehiatik aldeko emaitza eramatea eta, horretarako, Azpeitiko pilotazale guztien babesa eskatu nahi du Ilunpe Elkarteak.