Ahaztu egin zaigu Maiatzaren 1a

Erabiltzailearen aurpegia estitxu 2013ko mai. 2a, 17:54

Joan da Maiatzaren 1a. Aprobetxatu dugu etxea garbitzeko, bizikletan buelta bat egiteko, ikasteko, lagunekin egun pasa joateko edo barru giroan epelean egoteko. Jai eguna izan da, eta jai egin dugu.

Ahaztu egin zaigu manifestazioetara joatea, edo pereza eman digu. Ahaztu egin zaigu aldarrikapen eguna ere badela, langileen borrokaren izaera, beharra eta ahalmena kaleratzeko jai eguna dela, 1886an Chicagon zortzi orduko lanaldiaren alde borroka egiteagatik hil zituzten langileen omenezko eguna dela. Ahaztu egin zaigu Maiatzaren 1a, eta berriro ere etxean gelditu gara.

Eta hori, Urolan, aspaldiko egoera zailenetakoa bizi dugula. Urola erdialdean bai behintzat. Azken urteotan itxi egin dituzte lantegi batzuk, erregulaziopean ez daudenak oso gutxi dira, Corrugados itxi egingo dutela jakinarazi dute, eta beste batzuen inguruko zaratak ere gero eta ozenago entzuten dira. Inguruan dugu guztiok bikote, guraso, lagun edo ezagun bat langabezian dagoena; gehienon poltsikoetara iritsi da urritasuna, eta, hala ere, ahaztu egin zaigu Maiatzaren 1a.

Esan dugu, behin eta berriz, nahikoa dela. Politikari, finantza erakunde zein enpresari askoren jarreraren aurrean eskubiderik ez dagoela esan dugu, kafea hartzen ari ginen bitartean, eta gaiaren inguruko solasaldiak izan ditugu koadrilako afarietan. Zerbait egin beharra dagoela ere bota dugu, haserre eta berotuta, amorruak hartuta, baina berriro ere ahaztu egin zaigu Maiatzaren 1a.

Izan ere, zertarako balio du aldarrikapenak? Zertarako protestak? Zertarako mobilizazioak? "Total, berriro ere nahi dutena egingo dute". Megafonodun autoek kutsadura akustikoa sortzen dutela eta kexatu egiten gara, panfletoak kalean eta lantegietan botatzea zikinkeria iruditzen zaigu, etxeko eta kaleko paretetan pintadak egiten badituzte asaldatu egiten gara, kale eta bidea ixteak kalte handia eragiten digu, eta piketeroek eta eskratxeroek beldurra ematen digute. Lanik gabe, diru-sarrerarik gabe, babes sozialik gabe, etxerik gabe gelditzen ari gara. Ezina, larria, gero eta gertuago ditugu. Eta hala ere, ahaztu egin zaigu Maiatzaren 1a.

Batzuk, betikoek, jarraitu dute elkarretaratzeak egiten. Kontrako haize, euri, elur eta hitzen gainetik, egin egin dituzte manifestazioak. Egin egin dituzte pintadak; egin egin dituzte salaketak; jarri dituzte pankartak, egin egin dituzte grebak, eta izan dira piketeak. Eta lortu ere lortu dituzte garaipenak: txikiak, handiak, baina garaipenak. Guri, berriz, beste behin, ahaztu egin zaigu Maiatzaren 1a.

Eta badator 30a. Aprobetxatuko dugu etxea garbitzeko, bizikletan buelta bat egiteko, ikasteko, lagunekin egun pasa joateko edo barru giroan epelean egoteko. Edo ez. Ez. Ari gara aldatzen. Ari gara ikasten. Hasi gara planto egiten, lurrean eseritzen. Joan da Maiatzaren 1a, baina badator 30a. Ahaztu dezagun ahanztura.

- Urola Erdiko langabezia tasa: %14,95

- Gizonezkoen langabezia tasa: %13,40

- Emakumezkoena: %16,50

- Langabezia tasa, herriz herri:
  Aizarnazabal: %19,20
  Azpeitia: %15,50
  Azkoitia: %14,60
  Zestoa: %13,50
  Errezil: %12,80
  Beizama: %12,50

Martxoko datuak dira, Lanbideren datuetan oinarrituta Loiola Berrikuntzak emandakoak.