Gallardok kaleratzeak baieztatu eta murrizketa gehiago jarri dizkie mahai gainean Corrugadoseko langileei

Uztarria.eus 2012ko eka. 13a, 18:20

Urte bukaera arte luzatuko den Lana Erregulatzeko Txosten berria martxan jarriko du enpresak eta zuzendaritzak soldatak %35 jaistea eta urtean 49 ordu gehiago lan egitea eskatu die langileei. Ekainaren 15etik 22ra greba egingo dutela iragarri zuten langileek hilaren 7an.

Enpresa Batzordeak aurreko astean iragarri zituen 60 kaleratzeei neurri berriak gehitu zaizkio Corrugados Azpeitian. Gallardo Taldeko ordezkari Manuel Romerorekin batzartu ziren Enpresa Batzordeko kideak joan den astelehenean. Bilera horretan, aipatutako kaleratzeak baieztatzearekin batera, enpresak urte bukaera arte luzatuko den Lana Erregulatzeko Txosten (LET) berria martxan jarriko duela jakinarazi zuen Romerok, eta bi eskaera jarri zituen mahai gainean: plantillan geldituko diren 245 langileen soldatak %35 jaistea eta urtean 49 ordu gehiago lan egitea.

Enpresaren zuzendaritzak martxan jarri nahi duen LET-arekin urte honen bukaera arte 66 egunez lan-kontratua etengo zaie langileei. Neurri horrekin, langileak lanaldi erdian arituko dira 2012a bukatu arte eta, enpresak egin duen proposamena indarrean sartuz gero, soldata %35ean murriztuta.

Joan den den ekainaren 7an batzarra egin zuten Corrugadoseko langileek eta, han, enpresaren asmoa beste 60 langile kaleratzea zela jakinarazi zuten. Ordura arte ahozko jakinarazpena soilik zuten langileek eta, orain, iragarpen hari neurri berriak gaineratu dizkio Gallardo Taldeak. Ekainaren 15etik 22ra greba egitea erabaki zuten langileek ekainaren 7ko batzar hartan eta eutsi egiten diote deialdiari.