Mikel Aranburu izango da protagonista Realaren ligako azken partidan

Juan Antonio Larrañagari (Azpeitia, 1958) elkarrizketa egin diote 'El Mundo Deportivo' egunkarian, eta esan duenez, "hunkitu egingo dela uste dut, Realean hainbeste urte pasatu eta gero, bere futbol ibilbideko azken partida izango delako". Anoeta bete egingo da larunbatean.

Mikel Aranburuk (Azpeitia, 1979) zapatuan, hilak 12, esango dio agur hamalau urteko futbolari profesional ibilbideari. Realarekin jokatuko du ligako eta bere ibilbideko azken partida, Valentziaren kontra Anoetan, eta Aranburu izango da partidako protagonista nagusia. Anoeta bete egingo da, gaur agortu egin baitira klubak salgai jarritako sarrerak.

Juan Antonio Larrañagari (Azpeitia, 1958) elkarrizketa egin diote Mundo Deportivo egunkarian, hura ere Anoetan erretiratu zelako, futbol ibilbide guztia Realean egin ondoren. Larrañagak esan duenez, "hunkitu egingo dela uste dut, Realean hainbeste urte pasatu eta gero, bere futbol ibilbideko azken partida izango delako".

Larrañagaren iritziz, Mikel Aranburu "oso garrantzitsua" izan da Realean: "Eredugarria izan da guztiontzat, bai jokuari eta bai izateko erari dagokionean. Hala, Realeko jokalariek eduki behar luketen izateko moduaren eredua da. Beragatik esan dezakedan guztia gutxi da, oso pertsona ona da-eta". Hitz onak besterik ez ditu Larrañagak Aranbururentzat: "Teknikoki oso jokalari ona da, eta Realean teknikoki halako jokalari gutxi egon dira". Gainera, Realaren aldageletara iritsitako gazteentzako "eredua" izan dela esan du, eta "baja oso garrantzitsua izango da berak ezetz esan arren".

Joan den maiatzaren 3an iragarri zuen azpeitiarrak futbola utziko duela.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide