Mikel Aranburu: "Zenbait momentutan espero baino gehiago sufritu dugu"

Urola Kostako Hitza 2011ko eka. 1a, 19:06
Mikel Aranburu Realeko kapitaina, herenegun, Azpeitian. (OLATZ PRAT)

Getaferen aurka jokatutako Ligako azken partida gazi-gozoa izan da azpeitiarrarentzat; gazia, min hartu eta belaunezurra hautsi zuelako, eta gozoa, berriz, partida horretan lortu dutelako lehen mailan jarraitzea

Mikel Aranburuk (Azpeitia, 1979) 1997an debutatu zuen Realean, eta lehen taldean dihardu ordutik erdilariak. Denboraldia amaitu berritan, urteko balorazioa egin du azpeitiarrak.

Estu-estu, baina azkenean lortu duzue mailari eustea. Zer balorazio egiten duzu denboraldiaz?

Azkenean estu ibili gara, bai. Uste dut urteko helburu nagusia bete dugula, baina zenbait momentutan espero genuena baino gehiago sufritu dugu. Urteko balorazio ona egiten dut orokorrean, baina urtea nola joan den ikusita, bukaeran hain estu egoteak kezka utzi du. Dena den, hainbeste talde gure egoera berean egon dela ikusita, nire ustez normala zen haiek bezala egotea gu; ez zen normala izango haien gainetik egotea.

Talde asko zeundeten mailaz jaisteko arriskuan.

Azken aurreko partida arte hogeitik hamabi talde geunden arriskuan. Gure talde horretatik gora zeudenak jada UEFArako borrokan ari ziren. Uste dut hasiera batean espero genuen tokian ibili garela, nahiz eta beharbada gehiegi sufritu dugun, eta estuegi iritsi garen.

Lehen itzulia txukuna izan zen; bigarrengoan okertu ziren gauzak. Zer gertatu zen?

Lehen itzulian 25 puntu atera genituen, eta bigarrengoan 20 atera ditugu. Ez dago izugarrizko alderik bien artean. Zazpi-zortzi partidako bolada txarra izan genuen, ordea; ez genuen irabazten. Behekoak ere esnatzen hasi ziren, eta larritu egin ginen orduan.

Etxean ondo ibili zarete, baina kanpoan ez hainbeste. Eragin handia al du zelai faktoreak?

Orokorrean esango nuke talde denak hobeto ibiltzen garela etxean. Zeure zaleekin, jendea alde duzu. Normalena etxean hobeto ibiltzea da. Etxetik kanpo hiru partida bakarrik irabazi ditugu, eta hori oso gutxi da. Etxean sendo ibili gara, eta, beraz, bai, huts egin badugu, etxetik kanpo izan da.

Beste zelaietara bidaiatu behar izateak eraginik ba al du?

Horrek ezin du aitzakia izan. Zenbaki arraroak egin ditugu, partida asko galdu ditugu eta hiru bakarrik berdindu. Etxean sendo ibili gara, hamaika partida irabaztea ez baita erraza, eta kanpoan nahiko ahul.

Ahuldade hori da datorren urtera begira hobetu beharreko puntuetako bat, ezta?

Bai, datorren urtera begira oraintxe sinatuko nuke etxean atera dugun puntu kopurua ateratzea, baina kanpora begira beste aurpegi bat erakutsi beharko du taldeak.

Kapitaina izanda, ardura gehiago duzula sentitzen al duzu? Zer du berezia kapitain izateak?

Ardura apur bat eduki dezake kapitainak, baina ez diot garrantzia handiegirik ematen. Esperientzia da agian gure puntua, nirea eta taldean urte asko daramatzaten beste hainbat jokalarirena. Esperientzia horrek norberari eta besteei laguntzen die. Baina horretatik aparte, ez dut uste beste munduko ardura berezirik sentitzen dudanik. Soilik esperientzia duzulako eta urte batzuk badaramatzazulako, zenbait momentutan gazteei laguntzeko aukera gehixeago dugu, baina horraino.

Orain atseden hartzea tokatzen da. Baina hasi al zarete datorren urterako helburuak finkatzen?

Datorren urtera begira, igoera osteko bigarren urtea izango denez, mailari eustea izango da helburua. Eta liga amaitu aurretik ahalik eta posturik altuenean egotea. Datorren urtean ere borroka egin beharko da, eta hori izango da helburu nagusia. Gero, ikusi egin beharko da. Urtea hasi eta gauzak ondo joaten hasten badira, zergatik ez beste helburu batzuei begira hasi? Baina hasiera batean, aurtengo helburu bera izango da.

Aldaketa nabarmen batekin hasiko duzue denboraldia: entrenatzaile berriarekin. Zer izan da Martin Lasarte Realarentzat?

Nik uste dut momentu nahiko zailean iritsi zen entrenatzailea izan dela. Duela bi urte iritsi zen. Orduan giro nahiko ezkorra zegoen, eta berak horri buelta ematea lortu zuen.

Lasarterekin igo zineten lehen mailara.

Hori da. Taldea igo egin zuen, eta aurten, bigarren urtean, helburua lortu den arren, bigarren itzulian gertatu diren estualdiengatik, zuzendaritzak pentsatu du datorren urterako beste pertsona bat egokiagoa izan daitekeela. Nik uste dut Lasarteri eskerrak ematea bakarrik gelditzen zaigula, momentu batean taldea piztu egin zuelako, eta pertsona bezala ere oso pertsona normala delako, eta oso lan ona egin duelako. Komunikabideetan hitz egin duenean ere ez du inoiz hanka sartu. Oso normal hitz egin izan du beti, eta alde horretatik oroitzapen onak gordeko ditut beti.

Ba al dago posturako izenik?

Zortzi bat izenekin dabiltza bueltaka, baina ez dakigu. Aste honetan ziurrenik jakingo genuela esan ziguten, baina momentuz ez dute esan.

Urte hauetan guztietan entrenatzaile askoren eskuetatik igaro zara. Zein da gehien markatu zaituena, edo gehien erakutsi dizuna?

Batekin gelditzea zaila izango litzateke; mordo bat eduki ditut. Ez dakit hori seinale oso ona den, hainbeste aldaketa egotea. Lasartek bi urtez bete du postua, eta azkenaldikoetatik denbora gehientsuena igaro duena bera izan da. Entrenatzaile denekin ikasten duzu zerbait, eta bakoitzak bere ukitua ematen dio. Beraz, ez dut uste bat aukera dezakedanik.

Jokalarien artean, zer nolako harremana duzue? Norbaiten falta somatzen al duzu?

Lagunak gara. Azkenean batzuekin baino ez du irauten harremanak, eta benetako lagun direnak asko-asko ez dira izaten. Baina uste dut momentu honetan gazte asko dagoela taldean, eta oso koadrila sanoa garela. Giro oso ona dugu egun taldean. Lehen ibilitako batzuekin eta jada taldean ez daudenekin, noski, badut harreman pertsonala eta lagunartekoa.

Ligari dagokionez, argi ikusi da bi talde daudela: Bartzelona eta Real Madrid batetik, eta beste talde guztiak atzetik. Horrek ba al du ezer positiborik?

Bi taldek besteekiko horrenbesteko aldea edukitzeari ez diot ezer positiborik ikusten. Europako eta munduko bi talde onenak direla esan daiteke. Beraz, alde batetik horrelako aldea egotea normala da, telebistak haiengan jartzen duen dirutzarekin... Jokalari onenak erosteko aukera dute. Onenak erosteko bide bakarra dirua edukitzea da, eta haiek beste guztiek baino gehiago dute. Alde onik ez diot ikusten. Duela urte batzuk beste zenbait talde, Valentzia edo Sevilla, esaterako, talde horiekin borrokan jarduten zuen, behintzat. Baina azken boladako joera hau ez da ona.

Nola jokatzen duten gustuko al duzu? Ikusten al dituzu partidak?

Bai, bai, dudarik ez. Bien artetik, Bartzelonak du aparteko jokoa. Nik ez dut, behintzat, hark bezala jokatzen duen talderik ezagutu. Eta ez naiz bakarra. Manchesterreko entrenatzaileak Championseko finala galdu eta gero esan zuen inoiz ez duela horrelako talderik ikusi. 25 urte darama hark Manchesterren.

Saiatzen al zarete haien jokaldiak errepikatzen edo ikasten?

Zenbait gauza ikas dezakezu, eta kopiatzen saiatu, baina Bartzelonaren jokoa egiteko jokalari denak oso-oso onak izan behar dute; maila handiko jokalariak izan behar dute guzti-guztiak. Baina gauza zehatzei jartzen diegu arreta, gauza asko kopiatzea ezinezkoa baita.

Modu berean jokatzen al da bi talde horien aurka edo besteen aurka?

Zuk izugarrizko egun ona eduki behar duzu, eta haiek egun kaxkarra izan behar dute. Jakinaren gainean izaten gara. Haiek baino korrika gehiago egin eta gehiago sufritu behar duzu, eta dauzkazun aukerak ondo aprobetxatu. Zorte puntua edukitzea ere garrantzitsua da. Etxean, zorionez, Bartzelonari irabazteko aukera izan dugu. Haiek ere bi partida garrantzitsuren artean etorri ziren; egia da hori. Partida hartan guri dena ondo atera zitzaigun, eta haiei ez.

Zaleek ez dute hutsik egin. Nola laguntzen dute?

Zelaian zaudela, 30.000 lagun txaloak jotzen ari badira, zure taldea animatzen eta kontrakoak estutzen, nabaritu egiten da. Kontrako taldearen zelaian zuri txistuka hasten zaizkizunean, eta beren taldekoei txaloak jotzen dizkietenean ere, eragina nabaritu egiten da. Denborarekin ohitu beharko genukeela ematen du, baina etxean eta kanpoan jokatzearen arteko aldea hori dela uste dut.

Zein alde du lehen mailan edo bigarrenean egoteak?

Kontrako taldeak hobeak dira lehen mailan, zelaiak ere hobeak dira, eta bidaiak ere erosoago egiten ditugu normalean. Zelaian bertan, Anoetan, ez da iaz eta aurten artean alde handirik egon; hala esango nuke. Gaizki ibili garen urteetan 15.000-20.000 pertsona etortzen ziren; kopuru polita da. Baina aurten jende gehiago etorri da; beste taldeak ikusteko gogoa zutelako, baita ere. Geuk ere nahiago izaten dugu lehen mailako taldeekin jokatu.

Getaferen aurkako partidan min hartu zenuen. Zer moduz duzu belauna?

Bizpahiru astez korrika ez egiteko, eta aldapan gora eta behera ez ibiltzeko esan zidan medikuak. Belaunekin talka egin genuen. Besteak gogorrago izango zuen, ziurrenik, eta haustura txiki bat dut rotulan. Ez dut ebakuntza-gelatik igaro behar izan, behintzat; kezka sortzen zidan aukera horrek. Bizpahiru aste pasatuko ditut horrela, eta aurredenboraldirako oraindik denbora falta denez, ez dut uste orduan lanean normal hasteko arazorik izango dudanik.

Hausturagatik ezin izan zenuen Euskal Selekzioarekin Tallinera, Estoniara, joan. Pena eman al zizun?

Bai, pena izan da. Gabonetan jokatu genuen partida San Mamesen; jada ohiko bihurtu da partida hori. Baina garrantzitsua da kanpora ere ateratzea. Beti eskatu izan dugu kanpora jokatzera joatea, ahal izanez gero ez udan bakarrik, beste taldeek jokatzen duten datetan, baizik. Horretarako Espainiako Federazioaren baimena behar izaten da, eta askotan ez da prest egoten. Eman beharreko pausoak dira. Urtean bi partida jokatzea ondo dago, baina ez da nahikoa. Eta erakundeen aldetik zenbait pauso eman beharra dago, guk ezin dugu indar guztia egin. Tallinen irabazi egin zuten, gainera. Hori ere beti da garrantzitsua.

Datorren ekainean amaitzen zaizu Realarekin duzun kontratua. Ondoren, zer egingo duzu?

Ez dakit, ikusi beharko da hurrengo denboraldia nola joaten den. 32 urte ditut orain, eta 33rekin amaituko dut denboraldia. Ikusi beharra dago nola joaten den, neure burua nola ikusten dudan, eta taldeak berak nola ikusten nauen. Pentsatzen dut behin 30 urteko muga igarota, urtean urtekoa ikusi behar dela. Urte batetik bestera ez da ikaragarrizko aldea nabaritzen, baina denboraldiaren arabera desgastea ere neurri batekoa edo bestekoa izaten da. Aurten bezalakoetan, azken asteetako larritasunak motxilan pisu handiagoa jartzen du.