Autodeterminazioa eta amnistiaren aldeko manifestua

Jose Luis Otamendi (idazlea), Pako Aristi (idazlea), Xabi Borda (idazlea), Mikel Labaka (Realeko jokalaria), Mikel Aranburu (Realeko jokalaria) eta beste hainbat 2007ko ots. 15a, 18:02

Euskal Preso Politikoen Kolektiboak otsailaren 5ean abiaturiko borrokaldia eta autodeterminazio eta amnistiaren aldeko mobilizaziora egindako deiari erantzunez, honako manifestua sinatzen dugu eta dei egiten diogu herritar orori manifestu honekin bat egin eta mobilizazio nazionalean parte har dezan otsailaren 24an Bilbon:

---

Nola edo hala, moldatu zituzten printzipio batzuk eta “hauxe da dagoena” esan ziguten: ba ote zitekeen Francopean pasatako berrogei urte haiek baino okerragorik? Ez zen zaila bedeinkapen demokratikoa lortzea.

Frantziak txalotu egin zuen.

Barregarri onartua baskongadetako estatutua, kontsultarik gabe dekretuz ezarria nafar estatutua, biek ala biek Euskal Herriak ezetza eman zion konstituzioa oinarri.

Frantziak uste izan zuen “euskaldunen afera” konpondua zela.

Horrela, beren makilaz, alegia, beren egia bakarraren indarrez, demokraten eskubide demokratiko berrien zerrenda digute jakinarazten bizi osoko demokratek eta errepublikar berdinzaleek:

-Frogarik gabe akusatzeko eskubide demokratikoa.

-Lan politikoa egiteko bide baketsuak bilatzen dituenari bortizkerian dabilelako susmoa hartzeko eskubide demokratikoa.

-Ideiak debekatzeko eskubide demokratikoa.

-Gorrotoa sustatzeko eskubide demokratikoa.

-Legeei ez ikusia egiteko eskubide demokratikoa.

-Beraiek ez ikusia egiten dieten legeak aldatu nahi dituen oro anti-demokratatzat hartzeko eskubide demokratikoa.

-Eskubide nazionalik ez onartzeko eskubide demokratikoa.

Frankismo berriaren hil nahi eza dugu, bai Bidasoaz honat bai Bidasoaz harat: munduaren ikuskera zurrun, bakar-behar eta arrunt atzerakoi bati hortzez eta haginez atxikia. Frantzia jakobinoa Espainia monarkikoa da.

Frankismo berria, bai, ez Frantzia eta ez Espainia ez direlako ausartzen bere iraganari aurrez aurre eta argi kritikoz begiratzen.

Gaurko eguna horrenbeste zamatzen duen iragan hori.

Guk, apal bada apal, lagundu egin nahi dugu estatuok beren oraina ikus dezaten, beren gaur eguna, beren hipokrisia.

Horregatik, dei egiten diegu gizarteko alor guztietako herritarrei bil daitezen otsailaren 24an egingo den manifestaldi handira: euskal presoen egoeran islatzen da estatu suntsitzaile bion gaur egun politikoa.

Gaur: inkisizioa, mendekua, ankerkeria.

Gaur: hauteskunde kalkuluak onarturiko eskubide eta sinaturiko hitzarmenen gainetik.

Gaur: biltzea eta berba egitea delitu da.

Gaur: kartzelako kondenaldia bete eta kartzela amaitzen ez.

Gaur: kartzela beti, ideia, hedabide, legepeko erakunde eta herritarren elkarteen kartzela-bidea egunero.

Gaur: eguna gau.

Eskubide osoko herritarrak izan nahi dugulako, ahalegin handiena egingo dugu, bakez, demokrata gisan eta bete-betean, etorkizuna gaur egun honen luzapena izan ez dadin, iragan hura izan ez dadin.

Etorkizuna autodeterminazio eskubidetik dator.

Gaur egunak amnistia abiatzea behar du.