Unibertsitate ekimena, elkarrizketaren alde

Patxi Azpillaga (EHUko irakaslea) 2006ko abe. 13a, 18:12

Atzo (hilak 12) unibertsitateko 400 irakaslek idatzi bat kaleratu zuten; sinatzaileen artean da Patxi Azpillaga azpeitiarra (Elkarbide)

Elkarbidek, Euskal Herrian "elkarbizitza, kohesio soziala eta etorkizun politiko esperantzagarria sortzearen alde" idatzi bat aurkeztu zuen atzo Bilbon. Idatzia unibertsitateko 400 irakaslek sinatutakoa da. Horien artean Patxi Azpillaga EHUko irakasle azpeitiarra dago. Hona hemen idatzia:

---

Sinatzaileok, denok unibertsitate-irakasle, Euskal Herrian bai elkarbizitza, bai kohesio soziala eta bai etorkizun politiko esperantzagarria sortzearen aldeko ekimena abiarazi nahi dugu. Agiri honek eztabaida-aldi bat ireki nahi du. Euskadiko Autonomia Erkidegoaren Estatutu Politikoa, Eusko Jaurlaritzako lehendakariak plazaratu berri duen proposamena -Estatutua eta Estatu espainolarekiko harremanak aldatzeko egitasmoa- irekia da; eta gutxieneko adostasun maila duten emendakin guztiak onartzen ditu. Ildo horretatik, garbi dago adostasun politiko eta sozial horiek gorpuztuko badira, eztabaida zabal bat bideratu beharko dela aurrena, bai Lege Biltzarrean bai euskal gizartean bertan ere.

Zilegi ez ezik, beharrezkoa ere bada Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren proposamena. Datorren lekutik datorrelako da zilegi: Autonomia Erkidegoan ukaezineko gehiengoa duen gobernuarengandik. Modu berean, proposamena beharrezkoa ere bada, gaur bizi-edo dugun egoera jasan ezin honetatik irteteko bide bat proposatzen baitu, eta badugu, badugunez, horren premia. Madrilgo Gobernuak eta sistema politikoaren zati batek, ordea, ukorik gordinena eman dute erantzuntzat, aldez aurretik baztertu dituztelarik bai lehendakariaren proposamena, bai elkarrizketarako bidea eta baita Legebiltzarrean bertan eztabaidarik aurkeztu ahal izatea ere. Proposamenaren edukia aztertzeko astirik hartu ere gabe, gaitzetsi egin zuten, direnak eta ez direnak esanez behin eta berriro, Europan edo beste edozein gizarte demokratikotan onar eta pentsa ezina den jardunbidean, eta eztabaida politikoa saihestu nahi dute tribunalak erabiliz tresna politiko gisa.

Eta, hala ere, guk uste, hauxe da guk geure egoerari buruzko eztabaida sakona abiarazteko unerik egokien eta emankorrena. Gauden egoerara ekarri gaituzten kausak aztertu, autogobernua areagotu eta instituzioen arteko harremanak behar bezalakoak izan daitezen, denon artean bilatu beharko dira moduak eta ereduak, horiek guztiak eginkizun premiazkoenetako batzuk baino ez aipatzearren. Eztabaida hori egin ezean, nekez bermatu ahal izango dugu elkarbizitza, eta elkarbizitzarik gabe ez dago inola ere hain premiazkoa dugun normalizaziora iristerik. Eztabaida berehala bideratzen ez bada, hausnarketari bideak ixten bazaizkio, usteldu arteko gaiztotzea baino ezin izango du espero euskal gizarteak. Unibertsitate-irakasle garen aldetik, ekimen bat sortzea erabaki dugu, mota guztietako ekintzak antolatuz elkarrizketari bide egitea beste xederik ez duena. Eusko Jaurlaritzako lehendakariarena izango da noski aztertu beharreko proposamenetako bat, nagusia beharbada; baina inola ere ez bakarra: gaurko egoera gainditzeko asmoz egin daitezkeen proposamen guztien beharra dago hemen, eta guk den-denak hartuko ditugu aintzat, arrazoibide demokratiko eta aurrerakoiez eta errespetuz eginak badira. Bestalde, elkarrizketaren aldeko ekimen honek zabalik ditu ateak gurekin bat egin nahi duten unibertsitate-irakasle guztientzat, hausnarketa eta tolerantzia beste baldintzarik gabe.