Akats mingarri bat zuzendu nahirik

Arantxa Sarasua 2006ko urr. 20a, 17:10

Azpeitiarrak Espainiako Gerran liburuan Maria Dolores Odriozolak kontatutakoaren inguruan azalpen bat eman du Sarasuak

Uztarria Kultur Koordinakundeak aurkeztu berri duen Amaia Mendizabal Eliasek idatzitako Azpeitiarrak Espainiako Gerran liburuan, Maria Dolores Odriozolarekin eginiko elkarrizketan adierazten den akats bat zuzendu nahirik idazten dut, nazionalak Azpeitian sartu ziren egunean, berak ikusi zuen plazako irudiari buruz, esanaz aguazila aurkitzen zela bertan (liburuaren 56. orrian)

Egia da, nire aita zen bera. Gogoratzen dut, nolatan nire amak esan zion arriskuan jarriko zuela bere burua eta ez etxetik ateratzeko.

Nire aitak, nahiz eta jakintsua ez izan (ez bai zuen motiborik izateko ere), helburu bezala izan zuen beti bere lana zuzen betetzea eta beraren iritziz, derrigorrezkoa egiten zitzaion ordea une horretan kalean egotea.

Elkarrizketatuak dio bandera txiki bat zuela eskuan, eta egia esan, ez dut inoiz horrelako berririk izan bizitza osoan. Liburuan agertzen den bezala, norbaitek emandako agindua betetzen ote zuen gero?

Zuk Maria Dolores, berehala bukatzen duzu esanaz, "segituan utzi zuten libre". Baina nik erantsi nahi nioke ondorioan gertatu zitzaiona. Egun gutxira, beraren kargu "berezi" hartatik kanpora bidali zuten eta sei urtean zehar lanik gabe egon behar izan zuela nire aitak. Arrazoia? Gerran beraien bizitza arriskuan jarri zuten erreketeei lana eman behar zitzaiela, eta gure aitaren postuan, beraietako bat jarri zutela.

Gertatuaren berri jakitean, On Julian Elorza jaun ospetsuak honela esan zuen: "¿Al hombre mas recto del ayuntamiento le han dejado sin trabajo?, ¿Para esto hemos salido a la guerra?". Ondorio honen berri argitu nahi izan dut, egiaren zati bat alde batera uzteak, benetan mindu nauelako.

Ongi dakit, Maria Dolores, nahiko nahigabe izan zenuela zure anaiaren heriotzarekin. Esaten duzunez, berriz, baita lan asko egin zenuela ere erizain bezala, eta jakina, nolatan konturatu inguruan zenituen beste hainbeste eta hainbeste pertsona eta sendien egoera mingarriarekin?