Ignacio Arakistainen piano doinuak eta hainbat musikariren kolaborazioak, gaur #EtxetikMundura egitasmoan

Uztarria.eus | Kultura
2020ko api. 7a, 12:24

20:00etatik aurrera entzun ahalko da Ignacio Arakistain musikari eta organo-jotzailearen emanaldia Uztarria.eus-en. Kontzertu telematikoa eskainiko du Arakistainek, eta hainbat lagunen kolaborazioa izango du. 

Ignacio Arakistain musikari eta organo-jotzaile azpeitiarra izango da protagonista gaur #EtxetikMundura egitasmoan. Etxetik eskainiko du piano entzunaldia Arakistainek, eta ikusgai izango da 20:00etatik aurrera Uztarria.eus-en.

Sortzaileak eta herritarrak beren etxetik guztiontzat eta mundura egiten ari diren ekarpenekin egitasmoa osatzen ari da Urolako Komunikazio Taldea (UKT) koronabirusak eragindako konfinamendu egunotan. Azpeitiko sortzaileen emanaldi guztiak ikusgai daude Uztarriaren #EtxetikMundura kanalean

Urolako Komunikazio Taldea osatzen duten gainerako hedabideek ere prestatu dituzte tokian tokiko emanaldiak. Karkararen, Baleikeren, Maxixatzenen eta Zarauzko Hitzaren webguneetan ere izango dira saioak, eta den-denak ikusgai izango dira Urola Kostako Hitzaren eta Erlo Telebistaren webguneetan.

Koronabirusaren eraginez hartu du UKTk #EtxetikMundura egitasmoa martxan jartzeko erabakia; izan ere, duela hiru astez geroztik bertan behera utzita daude kultur emanaldi eta saioak. Sortzaileen jarduna etxeetara irits daitekeelakoan, baina, bideo bidezko formatuak erabiltzea erabaki du, sorkuntza herritarren etxeetara eramateko asmoz.

Tokian tokiko saioen iragarpenen zerrendetan agertzen ez diren sortzaileek ere izango dute egitasmoan parte hartzeko aukera. Horiek bideoak zuzendaritza@ukt.eus e-posta helbidera bidali besterik ez dute; edozein kultur adierazpenekin lotutako emanaldiak onartzen dira. Beraz, animatu eta bidali zuen bideoak!

Informazio gehiago

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu