#EtxetikMundura

Ainhoa Martinen eta Aitor Narbaizaren musika, gaur #EtxetikMundura egitasmoan

Uztarria.eus 2020ko api. 6a, 14:31

20:00etatik aurrera entzun ahalko da Ainhoa Martinen eta Aitor Narbaiza musikarien emanaldia Uztarria.eus-en.

Ainhoa Martin eta Aitor Narbaiza musikariak izango dira gaur #EtxetikMundura egitasmoaren protagonistak. Horien emanaldia ikusgai izango da 20:00etatik aurrera Uztarria.eus-en. Sortzaileak eta herritarrak beren etxetik guztiontzat eta mundura egiten ari diren ekarpenekin egitasmoa osatzen ari da Urolako Komunikazio Taldea (UKT) koronabirusak eragindako konfinamendu egunotan. Azpeitiko sortzaileen emanaldi guztiak ikusgai daude Uztarriaren #EtxetikMundura kanalean

Urolako Komunikazio Taldea osatzen duten gainerako hedabideek ere prestatu dituzte tokian tokiko emanaldiak. Karkararen, Baleikeren, Maxixatzenen eta Zarauzko Hitzaren webguneetan ere izango dira saioak, eta den-denak ikusgai izango dira Urola Kostako Hitzaren eta Erlo Telebistaren webguneetan.

Koronabirusaren eraginez hartu du UKTk #EtxetikMundura egitasmoa martxan jartzeko erabakia; izan ere, duela hiru astez geroztik bertan behera utzita daude kultur emanaldi eta saioak. Sortzaileen jarduna etxeetara irits daitekeelakoan, baina, bideo bidezko formatuak erabiltzea erabaki du, sorkuntza herritarren etxeetara eramateko asmoz.

Tokian tokiko saioen iragarpenen zerrendetan agertzen ez diren sortzaileek ere izango dute egitasmoan parte hartzeko aukera. Horiek bideoak zuzendaritza@ukt.eus e-posta helbidera bidali besterik ez dute; edozein kultur adierazpenekin lotutako emanaldiak onartzen dira. Beraz, animatu eta bidali zuen bideoak!