#EtxetikMundura

Paola Motoren telesail gomendioak, etxetik mundura

Uztarria.eus 2020ko mar. 30a, 22:00

Paola Moto batuko da gaur Uztarria.eus-en Urola Komunikazio Taldearen (UKT) #EtxetikMundura egitasmora. 20:00etatik aurrera, Txintxus Films ekoiztetxeko azpeitiarrak konfinamendu egun hauetan zer telesail ikusi iradokiz gomendioak emango ditu.

Urola Komunikazio Taldeko (UKT) tokiko gainerako hedabideetan beste hainbat saio ikusi ahal izan dira gaur. Maxixatzen.eus-en Maite Alberdik hainbat abesti eskainiko ditu eta Zarauzkohitza.eus-en Arantxa Aldalur idazleak eskainiko du saioa, Karkara.eus-en Saioa eta Joseba Perona anai-arreba musikariek, eta Baleike.eus-en David Gorritik.

Koronabirusaren eraginez hartu du UKTk #EtxetikMundura egitasmoa martxan jartzeko erabakia; izan ere, duela bi astez geroztik bertan behera utzita daude kultur emanaldi eta saioak. Sortzaileen jarduna etxeetara irits daitekeelakoan, baina, bideo bidezko formatuak erabiltzea erabaki du, sorkuntza herritarren etxeetara eramateko asmoz.

Tokian tokiko saioen iragarpenen zerrendetan agertzen ez diren sortzaileek ere izango dute egitasmoan parte hartzeko aukera. Horiek bideoak zuzendaritza@ukt.eus e-posta helbidera bidali besterik ez dute; edozein kultur adierazpenekin lotutako emanaldiak onartzen dira. Beraz, animatu eta bidali zuen bideoak!