Ainhoa Intxaurrandieta: "Zaldibarren beren eredua gainera erori zaie eta orain ez dakite nola funtzionatu"

Uztarria.eus 2020ko ots. 19a, 22:10

Sanagustin jendez bete da gaur iluntzean, Ainhoa Intxaurrandietak Zer gertatzen ari da Zaldibarren? izenburuarekin eman duen hitzaldia entzuteko. Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko (GHK) buru ohia luze eta xehe aritu da, Zaldibarren Verter Recycling enpresaren zabortegian gertatu den hondamendiaren arrazoiez zein ondorioez duen ikuspuntua azaltzeko. Hondakinen kudeaketarena "erpin asko dituen krisia" da Intxaurrandietarentzat, eta Zaldibarren gertatu dena horren erakusle litzateke. "Krisi ekologikoa eta krisi instituzionala" batera eztandarazi ditu, bere ustez, Zaldibarkoak, zabortegiko luiziaren azpitik oraindik atera ez dituzten bi langileen heriotzaren "drama humanoa" ahaztu gabe.

Zabortegiaren kudeaketan izan diren irregulartasunak, horien aurrean "beste alde batera begiratu" duten erakunde publikoak zein zabortegia behera etorri ondorengo kudeaketa instituzionala kritikatu ditu, eta "eredu aldaketa" behar dela aldarrikatu. "Berrerabili, birziklatu eta egoki tratatu" beharrean, "ekoiztu, kontsumitu eta bota" da, Intxaurrandietaren aburuz, erakundeetatik gaur egun sustatzen ari diren hondakinen kudeaketa eredua. "Zaldibarren beren eredua gainera erori zaie eta orain ez dakite nola funtzionatu", esan du, Zaldibarren gertatutakoa eta haren ondorioak nola kudeatu dituzten aipatuta. "Gobernantza eredua" aldatu behar dela nabarmendu du GHK-ren lehendakari izandakoak: "Hondakinena bezalako oinarrizko zerbitzu bat pribatizatzea astakeria da. Enpresa instituzioen gainetik jarri dute, baina guztiok ordaindu dugu, isurtzen zen tona bakoitzeko. Eta zenbat eta toxikoagoa izan da hondakinak, diru gehiago, eta enpresak dirua irabazteko daude. Gutxi batzuek etekinak izan ditzaten, kalteak denontzat izan dira. Gure osasuna jokoan jarri dute etekinen truke". Zaldibarkoa "gure gizartearen islada" da eta "ispilura begiratzera behartu ditu agintariak", esan du Intxaurrandietak. Bere ustez, "gizarte bezala ezin" da horrelakoak ahalbidetzen dituen eredurik "onartu". Hondakinen kudeaketak publikoa izan behar duela defendatu du eta "ezin da Zubietako erraustegia piztu", gaineratu du, Zaldibarko zabortegia bezala enpresa pribatu batek kudeatuko duela eta "zabortegiak bezala, elikatu egin beharko" dela gogora ekarriz.

Hain zuzen ere, "Gipuzkoan ez da sortzen erraustegiak beharko duen adina hondakin tona, gauzak gero eta hobeto egiten ditugulako. Beraz, gero eta gehiago ekarri beharko dute kanpotik", ohartarazi du, GHK-k Zubietan industria hondakinak ere erretzea proposatu izanaz galdetu diotenean. Entzuleen galderen tartean beste herritar batek planteatu du hondakinen arazoak irtenbide onik ez duela izango, gizartean hondakinekiko mentalitatea aldatzen ez den bitartean. "Arazoa ez da besteena, gurea da", esan du. Arrazoi eman dio Intxaurrandietak neurri batean, baina administrazio publikoen "ardura" azpimarratuta, neurriak hartu izan direnean emaitzak antzeman direla azalduz: "Erakundeek behartu egin behar gaituzte gauzak ondo egitera. Beste kontuetan behartzen bagaituzte, hondakinen kontuan ere bai".

 

Zaldibarko zabortegian gertatutakoak eragindako kezka dela-eta Azpeitiko zenbait taldek eta norbanakok aste honetarako antolatu duten lehen ekitaldia izan da gaurko hitzaldia. Zapaturako, berriz, manifestazioa deitu dute.