Sansebastianak 2020

Jon Galdos: "Gazteei lekukoa pasatzeko garaia dela uste dut"

Uztarria.eus 2020ko urt. 16a, 11:04
Jon Galdos Oilo-Sorokoen danborrarekin, Izarraitzeko kantxan, joan den astearteko entseguaren ondoren.

Igande gauean, hamazazpigarrenez zuzenduko du Oilo-Soroko taldea helduen danborradan Jon Galdosek (Azpeitia, 1967). Aurtengoa izango du azkena, zuzendariaren makila uztea erabaki baitu. Urteotan danborradan "gozatu" egin duela dio, eta festa horrekin gozatzen jarraitzeko asmo osoa dauka, baina aurrerantzean, danbor-jotzaileen artean eta bere tokia hartuko duen zuzendariari so.

Oilo-Soro danborradan parte hartzen hasi zenetik izan zara zu taldeko zuzendaria. Nolatan egokitu zitzaizun eginkizuna?

2004an irten ginen lehen aldiz. Neu zuzendari txiki ibilitakoa nintzen, aita ere Arauntzan urte askoan zuzendari izandakoa nuen... Zuzendari bat behar genuen eta neu hasi nintzen, eta gaur arte.

Eta aurten azken aldia izango duzula erabaki duzu. Zergatik?

Hamazazpigarren aldia izango dudalako, eta hamazazpi urte asko dira. Ez dut sekula izan zuzendari postuan betikotzeko asmorik, argi neukan ez nintzela betirako zuzendari izango. Gainera, uste dut gazteei lekukoa pasatzeko garaia dela.

Noiz hartu zenuen uzteko erabakia?

Iaz nahiko argi ikusi nuen jada uzteko momentua iristen ari zela, belaunaldi berriei lekua uztearena gero eta argiago ikusten nuen. Semea ere lehen aldiz atera zen taldean gurekin, eta... Finean, iruditzen zait une egokia dela zuzendari izatearen ardura uzteko.

Oroitzen al zara Oilo-Sororen danborradako lehen urte hartaz?

Talde berria ginen, gazteak, gehienak betiko lagunak... Niretzat ere lehen aldia zen helduen danborradan talde bat zuzentzen. Badakit gure taldeak zeresana eman izan duela, baina oroitzapen onak dauzkat. Batzuetan besteetan baino gehiago asmatuko nuen, baina beti gozatu izan dut danborradan. Aurten ere horrela izatea espero dut eta datozen urteetan ere bai. Izan ere, zuzendari lana utzi egingo dut, baina danborradan irteteteari uzteko inongo asmorik ez dut.

Urteotako esperientziatik zerekin gelditzen zara?

Gustura aritu naiz, ondo pasatu izan dut, eta horrekin gelditzen naiz.

Oroitzapen bereziren bat aukeratu beharko bazenu, zein?

Iazko San Sebastian bezperako danborrada aukeratuko nuke, agian. Arauntza elkarteak 50 urte bete zituen danborradan. Gure aita, urte pila bat eta gero, danborradan irten zen berriro, Arauntzakoekin, eta udaletxera oroigarria jasotzera igo zenetako bat izan zen. Gure taldeari udaletxe aurreko lehen ilaran jotzea egokitu zitzaion plazan, eta berezia izan zen; aita goian, omenaldia jasotzen, eta behean gu, semea eta bilobak.

Danborradako zer pieza duzu gustukoena?

Urte askoan Mandioko Polka izan dut kuttunena, baina azken urteetan Goizeko Izarrarekin ere asko gozatu dut; taldean koreografia berezia egiten dugu pieza horrekin, gainera. Azpeitiko danborradarako propio sortutako piezekin gelditzen naiz.

Eta zuzentzeko zailena, zuretzat?

San Sebastian Martxa. Ez dakit ondo nola azaldu, baina beti kostatzen zait, zuzentzerakoan zailena horixe egiten zait, aldearekin.

Izendatu al duzue zure ordezkoa? Aholkurik emango al zenioke?

Ari gara, baina oraindik ez. Soziedadeko bazkideren bat izatea gustatuko litzaiguke, baina ikusiko dugu. Aholkuei dagokienez, berriz, ni ez naiz inor inori aholku ematen hasteko. Taldea zuzentzen eta danborradan goza dezala, horixe opa diot zuzendari berriari.