Urtarrilean hasiko dira eraikitzen Esklabak-Iturtzuloko babestutako lehen etxeak

Uztarria.eus 2019ko abe. 18a, 11:00

Esklabak-Iturtzulo eremuan datorren hilean hasiko dituzte babestutako etxebizitzen lehen faseko obrak. Hogei hilabeteko epean aurreikusi dute obrak bukatzea. Altuna y Uria enpresak egingo ditu lanak. Udalak jakinarazi duenez, obraren lehiaketara enpresa horrek aurkeztu du proposamen onena.

Datorren hilabetean hasiko dira eraikitzen Esklabak-Iturtzulon lehen faseko babestutako etxebizitzak. Lehen fasean, 62 etxebizitza eraikiko dituzte: 29 babes ofizialekoak eta 33 tasatutakoak. Hogei hilabetetan egin nahi dituzte lehen faseko obra horiek, 2021. urteko udazkenerako. 9.953.641 euroko (BEZ barne) aurrekontua dute.

Altuna y Uria enpresak eraikiko ditu etxebizitzak. Azpeitiko Udalaren esanetan, enpresa hori izan da orokorrean puntuazio altuena atera eta eskaintza ekonomiko onena egin duena lehiaketan. Etxebizitzak nork eraikiko zituen erabakitzeko lehiaketa udaberrian hasi zuen udalak; hiru enpresa aurkeztu ziren lehiaketa publiko horretara."Etxeak eraikitzeko obra esleitzeko lehiaketa publikoaren prozesua konplexua eta luzea da. Hala ere, aurreikusitako epeetan eta arazorik gabe gauzatu dugu guztia. Horrela, pauso garrantzitsua da lehen faseko obra hauek esleitzea. Hala, etxebizitza premiari aurre egiteko hartutako erabakiak gauzatzen ikusten hasiko gara guztiok”, adierazi du Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak.

Bigarren faserako izen-ematea bukatuta

Esklabak-Iturtzulo eremuan bigarren fase bat ere egingo dute. Fase horretan, 67 etxebizitza eraikiko dituzte; horietatik 39 babes ofizialekoak izango dira, eta 28 udal sustapenekoak. Babes publikoko etxebizitzen bigarren faseko zozketan izena emateko epea urritik abenduaren 2a bitartean egon zen zabalik.